75. urteurrena: Bizkaiko saskibaloiaren historiaren zertzelada batzuk, ‘Bizkaiko saskibaloiaren 75 urte’ erakusketan

75. urteurrena: Bizkaiko saskibaloiaren historiaren zertzelada batzuk, ‘Bizkaiko saskibaloiaren 75 urte’ erakusketan

Bilboko Zabalgune plazan aurkeztu da Bizkaiko saskibaloiaren historiako erakusketa ostegun honetan. Bertan izan dira, besteak beste, Carlos Sergio eta Oihane Agirregoitia ordezkari instituzionalak, baita beste hainbat klub bizkaitarrenak ere.

Bobby Knight eta Txus Bidorreta gisako entrenatzaileek sinatutako baloiak, Bilbao Basket, Gernika Bizkaia eta Bidaideak BSR estatu-mailako, eta antzinako Águilas edota Kas taldeen kamisetak, liburuak eta 2011n U20-Mko Europako txapelketa eta 2014ko Munduko txapelketaren dominak ikus daitezke, beste objektu askoren artean.

Bilboko udaleko gazteri eta kirol-zinegotzi Oihane Agirregoitiak, 75 urtez saskibaloian zentraturik federazioak burututako lana zoriondu du. Horrez gain, Bilbo eliteko kluben egoitza izan dela eta gaur egun ere badela gogorarazi du, baita esposizioa hirian bertan aurkeztu izana eskertu ere.

Baina goraipamen gehiago izan ditu bestalde proiektuak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur eta Euskararen aholkulari orokor Carlos Sergioren aldetik alegia, erakusketa txiki baina xehetasunez beterikoa eta preziatua dela adieraziz, federazioak berrikuntzarako duen gaitasuna azpimarratuz.

Germán Monge presidentearen txanda izan da ondoren, zeinek zenbait detaile gehiago azaltzeaz gain, esposizio bera hilaren 1etik 30era arte bisita daitekeela gogoratu du, astelehenetik larunbatera bitartean, 10:15etatik 13:45ak arte eta 17:15etatik 19:45ak arte.

Hala ere, Mongek iragarri duenez, beste hainbat jardunaldi interaktibo ospatuko dira astearte oro: lehena, apirilak 12, ‘Bizkaiko Eliteko saskibaloia’ izenpean; bigarrenez, ‘Bizkaiko saskibaloia eta hedabideak’, apirilaren 19an; eta ‘Bizkaiko saskibaloi partehartzailea’ hurrengo astean. Ondoko areto batean hartuko dute leku hitzaldi hauek, non eta euren iritziak partekatuko dituzten zenbait adituk, guztiak 19:15etatik 21:00ak bitartean.

Bisita gidatua egin nahi izanez gero, harremanetan jar zaitezkete Federazioarekin secretaria3@bizkaiabasket.com helbidean. Hortik aurrera, data eta ordua zehaztuko zaizue, egutegiaren arabera.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak