Eusko Jaurlaritzak ere onartzen du lehiaketa federatua

AZKEN FASEAM EMAK.1. SENIOR MAILA: JOLLY Roger Dosa Salesianos txapeldun

[box]Astearte honetan, 2021eko urtarrilaren 12an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak 1/2021 dekretuan jasotzen ditu Covid-19aren hedapena geldiarazteko neurri berriak, eta kirol federatuaren eta eskola-kirolaren inguruan atzo aurreratu genituen neurriak zabaltzen ditu. Neurri horiek urtarrilaren 13an sartuko dira indarrean.[/box]

Gai garrantzitsuenak laburbilduko ditugu:

  • Kirola egitea baimenduta dago COVID-19 kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua duten udalerrietan, azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko 500 baino gutxiago badira.
  • Nahitaezko maskara erabiltzea, salbu eta jarduera fisiko handiko aparteko uneetan eta lehiaketetan.
  • Lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak baimenduta daude. Hau da, FViBk antolatzen dituen lehiaketetako senior, junior eta kadete kategoriak berriz hasiko dira.
  • Eskola-kirolean, 6 laguneko taldeetan egin daitezke entrenamenduak, burbuilei eutsiz eta aldagelarik gabe.
  • Lehiaketak, ikuslerik gabe.

Ireki den egoera berri horrekin, Bizkaiko Saskibaloi Federazioa buru-belarri ari da lanean lehia-jarduerari ahalik eta lasterren berrekiteko, eta behar bezala iragarriko du klubak berak, instalazioen arduradunak eta inplikatutako alderdi guztiak berrantolatu ahal izateko.

Jarraian, EHAAren testu osoa, laugarren atalean, kirolari dagokionez:

“Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan, eta lehiaketetan.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, honako arau hauen arabera garatu ahal izango da kirol-jarduera:

– Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

– Lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.

– Eskola-kiroleko entrenamenduei berrekin ahal izango zaie, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Horretarako behar diren udal-instalazioak prest daudenean berrekingo zaie, betiere.

– Entrenamenduetan, joan-etorrietan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez 6 laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez 6 lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

– Aldagelak erabili ahal izango dira betiere gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta ireki aurretik eta itxi ondoren ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu.

– Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan. Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astero, astelehenetan eta ostegunetan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat zabalduko da, udalerriaren araberako tasen zerrendarekin, eta erreferentzia eraginkorra izango da hurrengo egunetik aurrera, paragrafo honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.”

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak