Garaitu egin dute Bilbao Basket eta GDKO Ibaizabalek; besteek, justu samar ibili eta ezin izan dute euren norgehiagokak gainditu

Garaitu egin dute Bilbao Basket eta GDKO Ibaizabalek; besteek, justu samar ibili eta ezin izan dute euren norgehiagokak gainditu

Estatu-mailako txapelketara itzuli dira bizkaitarrak, BSR izan ezik, baina ezin esan honakoa asteburu positiboa izan denik. Aipatu lez soilik Bilbao Basketek eta GDKO Ibaizabalek -biek sufrimenduz- atera ziren garaile euren partiduetan.

Ongi mantendu zuten erritmoa bilbotarrak partidu osoan zehar baita markagailuan abantaila ere, hiruko jaurtiketetan eraginkortasun eza jasanda ere. Hala ere, berehala berdindu zuen Cai Zaragozak atsedena ostean, baina zorionez ez zuten azkeneko minutuetan banakako saskiratzeetan asmatu eta urduritasun hura aprobetxatu zuten orduan beltzek norgehiagoka irabazteko, 69-71.

72-80ko emaitza utzi ziguten gernikarrak Perfumerías Avenida liderraren aurka bestetik. Giro zoragarri eta saskibaloi ederrez gozatu ahal izan zuen publikoak larunbat arratsaldean Malosten, azkenean Lopezen neskak nagusitu ezin izan arren. Zonaldean ondo aritu ziren, eta bisitariak ez zebiltzan behar bezala kanpoko eremutik jaurtitzen zituzten baloiekin. Berdinduta iritsi ziren amaierako minutuetara ordea, baina Ligako lehenbiziko partiduan gertatu bezala, Gidden pibota suertatu zen erabakigarri haientzat.

liderraren kontra galdu zuena ere AMETX Zornotza izan zen, Abilan jokatutako partiduan, 76-69. Gutxigatik egin zion ihes. Izan ere, hiruko bat sartu zuen Ander Garcíak bukaerarako minutu bat edo falta zenean. Hortik aurrera, errebote ofentsibo baten kontzesioa izan zen akatsik larriena eta Young jokalariak luzapena ahalbidetu zuen 59-59ko berdinketa lortuta. Hobe amaitu zuten aldiz lokalak bost minutu extra horietan.

Markagailu baxua erakutsi arren, GDKO Ibaizabalek Ciudad de los Adelantos gailendu zuen sei puntuko errentaz, 58-52, batik bat defentsan primeran jokatutako lehen laurdenari esker. Hala ere, errebote eta kontrol defentsiboa berreskuratu zuten geroago lokalak eta bi minutu falta zirenean 50na puntu sartuak bazituzten ere, hobe moldatu zen Ibaizabalek banakako azken puntuak eskuratuz.

Santurtzik, bere aldetik, 67-53 galdu zuen Ardoiren aurka, aurreneko eta azkeneko laurdenetan gaizki ibili izanagatik. Hiruko ugari saskiratu zituzten lokalek eta gehiegi kostatu zitzaien santurtziarrei hura gelditzea, bigarren eta hirugarren laurdenetan defentsiboki nahiko ondo aritu arren. Jarraikortasuna ematea izan zen arazo nagusia.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak