Bizkaiko Liga Berezietan pasa den asteburuan gertatutakoa aztertuko dugu eta Aimar Herránekin hitz egingo dugu.
Emakumezko Kadeteak
A multzo berdindua dugu maila honetan. Lauroko liderrek 52-59 irabazi zuten Lauroren aurka eta bigarren postuan zeuden gernikarrek ezin izan zuten garaipenik lortu Zornotzaren aurka,56-50. B multzoan Escolapios taldea nabarmentzen da, izan ere jokatutako partida guztiak irabazi ditu, oraingoan 47-39, Mungiarekin batera partidarik irabazi gabe dagoen La Salleren aurka. Mungiarrek 39-57 galdu zuten Askartzaren aurka.
Gizonezko Kadeteak
A Multzoan, talde guztiak 3 partida jokatu dituzte Unamunok izan ezik, 4 partida jokatu bait ditu. Unamunora gauzak ez doazkio oso ondo, garaipen bakarra eskuratu dute, hain zuzen Zornotzaren zelaian pasa den igandean lortutakoa 61-73. Leioa sailkapenaren buruan dago, bigarren postuan dagoen tabirakoren aurka ikuskizuna eskaini eta gero 89-53. B Multzoan La Salle eta Construcciones Armeti daude lidertzan, biek jokatutako partida guztiak irabazi dituzte eta hirugarren postuan dagoen Loiolari 2 partidako aldea ateratzen diote. La Sallek 32-111 irabazi zioten Getxosaskiri eta Construcciones Armetik 61-52 Loiola Indautxuri. Santurtzik lehen garaipena eskuratzeko ahalegin bizia egin zuen Paduran baina azkenean puntu bakarrarengatik galdu zuten 57-56 eta azken aurreneko postuan daude.
Emakumezko Juniorrak
La Salle A multzoko sailkapenaren buru dago,4/4 lortuz. Pasa den jardunaldian etxetik kanpo Askartzari irabazi zioten 43-66. Jarraian Unamuno dago, Bilbon Getxosaskiren aukra 3 puntugatik galdu zutelarik. B multzoari erreparatuz, Construcciones Zamakoa dugu LIDERTZAN 4 garaipenekin, oraingoan Bar Bira Portugaleteri 33-96 irabazi eta gero. Zornotzaren eta Mungiaren arteko partida oso estua izan zen, azkenean Mungiarrek 57-55 irabazi zutelarik.
Gizonezko Juniorrak
A multzoan favorito nagusia den Loiola Indautxuk 51-91 irabazi dio Euskuba Tabernari, norgehiagoka horretara 3 garaipenekin ailegatu ziren talde biak. B multzoari dagokionez, aipatzekoa da Berrio Otxoak eta Leioak erakutsi zuten nagusitasuna,jokatutako guztia irabazi bait dute. Berriok 53-70 irabazi zion Padurari eta eskuinaldeko taldeak 67-58 irabazi zuen.
Aimar Herráni elkarrizketa
Elkarrizketatxoa gaur Aimar Herrani egin diogu. Aurten, Lauroko Kadete Neskak entrenatzen ditu, duela bi denboraldi Gordexolan koordinatzaile bezala aritu izan bazen ere. Horrez gain, urte dexente egin ditu jokalari eta zuzentzaile moduan talde erregional batean eta epaile izan ohi da beste hainbat lehiatan. Lauron zentratuz, ordea, 4 norgehiagokatik 3 garaipen eskuratu ditu unera arte.
Nahiko berdinduta dago multzoa momentuz. Gernikaren aurka sufritu zenuten porrota aurreko jardunaldian. Zer-nolako balorazioa egiten du Aimarrek hasierako partidu hauek aintzat hartuta?
Bai, hala da. Parekatuta gabiltza ia talde guztiak. Pena izan zen gernikarren aurkako porrota, baina 3 puntugatik izan zen bakarrik, azken minutura arte borrokan ibili ginelaren seinale. Positiboa da jokalariak egoera ezberdinetara moldatu izana, nire ustez gero eta hobeto jokatuz. Oro har edozeinek hartu dezake mendean dagokion aurkaria, jardunaldi bakoitzean sorpresa ezberdinak ikusten dira.
Jokalariren bat azpimarratuko zenuke, batik bat datozen urteei begira erakutsitako baloreak direla eta? Bai. Nik uste dut Maddalen Cassinelli dela taldeko erreferentea, eta berarekin batera lehenengo urteko jokalari batzuk ere badaude ondo egiten, besteak beste, Izaro edota Ane Elizagarai.
Laguntzen al du entrenatzaile hobeagoa izaten epaile bezala aplikatu beharreko ezagutzak?
Koneksio ugaria dago epaile eta entrenatzaile izatearen artean. Nire kasuan, batez ere enpatian sumatzen dut. Entrenatzaile izanda, hobe kudeatzen duzu epaileekin izan beharreko tratua, eta epaile izateak, berriz, partiduak irakurri eta jokalarien jarrerak aztertzea ahalbidetzen dit besteen artean. Jakina, bien arteko lotura lagungarria da.
Teknifikazio arloan ere ibili izan zine Federazioan. Ze ikasbide eskaini zizkizun horrek?
Gustora egon nintzen. Bistan da bultzada handia ematen zaiola teknifikazio-lanari. Esperientzia aberasgarri nagusienak, metodologia berrien ikasketa eta goi-mailako entrenatzaileek egindakoa ikustea da.