ACES Europe erakundeko — Europar Batasunaren izenean izendapen hori kudeatzeaz arduratzen den erakundea — bost ordezkarik osatzen dute ordezkaritza, eta lurraldeko hainbat leku ezagutu dituzte aste honetan, Bizkaiko kirol-azpiegiturak zuzenean ezagutzeko eta aintzatespen ospetsu hori lortzeko eskatzen diren irizpideekin bat datozen baloratzeko. Ibilbide horretan Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren egoitza bisitatu zuen.
Ahaldun Nagusiak martxoan eman zuen hautagaitzaren berri, Bizkaia Kirolak Sariak banatu zirenean. Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu sendoa da kirola sustatzea, kohesio sozialerako, osasunerako eta garapen iraunkorrerako tresna gisa. Hautagaitzak Kirolur izena du, Bizkaia itsasoko eta lurreko kirol lurraldea dela dioen hitz jokoa.
Bizkaian egiten ari den egonaldian, lurralde osoko kirol-ekipamendu eta -espazioak bisitatzen ari da ordezkaritza. Ibilitako lekuen artean, Gernikako Jai-Alai, Durangoko Landako I eta II kiroldegiak, inauguratu berri den Ollargan parkea, Miribillako Kirol Etxea, Meaztegi Golf eta Gorlizko Igeribideak daude, besteak beste.
Aitorpen hori ACESek izendatzen du, erantzukizunaren eta etikaren printzipioekin bat etorriz, kirola gizarteratze-faktore bat dela, bizi-kalitatea, ongizate psikofisikoa eta erabateko gizarteratzea hobetzen dituela jakinda.
Kirolaren Europako Eskualde izendatzeak bultzada handia emango lioke Bizkaian kirola egiteari, eta lurraldearen kirolaren balioekiko eta herritarren ongizatearekiko konpromisoa ikusarazten, sendotzen eta proiektatzen lagunduko luke.
Gian Francesco Lupatelli ACES-eko presidentearen hitzetan, Bizkaiak herritar guztientzako praktika osasungarri eta jasangarri baten sustapenarekin guztiz lerrokatutako hautagaitza bat aurkezten du, emakumeei eta dibertsitate funtzionalari arreta berezia eskainiz.
