Bilbon jokatuko da Basketball Champions League Lehiaketako Final Four delakoa

Bilbon jokatuko da Basketball Champions League Lehiaketako Final Four delakoa

[box]Bilbo ostera ere izan da izendatua Basketball Champions League 2022 lehiaketako Final Four izeneko fase finalaren egoitzatzat. Lehiaketa honek azkena emango dio denboraldiari, eta 2022ko maiatzaren 6tik 8ra jokatuko da. Lehiaketa honetan ordezkaririk ez duen hiri bat anfitrioi aukeratzen duten lehen aldia da.[/box]

Final-laurdenetan sailkapena lortzen duten lau taldeek parte hartuko dute Basketball Champions League lehiaketaren seigarren denboraldiaren ekitaldirik handienean, eta partida bakarrean kanporatzeko formatuarekin jokatuko da, maiatzeko lehenengo astean zehar, Bilbon.

“Oso pozik gaude Bilbo izango delako Basketball Champions League lehiaketaren Final Four delakoaren egoitza. Esker ona agertu nahi diegu Bilbori, Espainiako toki eta eskualde agintariei, Espainiako Saskibaloi Federazioari eta ACBri ekitaldi hau antolatzen laguntzeko konpromisoarengatik, eta bereziki jokalariei eta sailkatutako talde guztietako kideei, zeren eta Final Four ahalik eta ondoen eta interesa duten alde guztientzat modurik seguruenean antolatuko baita. Jakin dugu zer gogo bizia erakutsi duen hiriak ekitaldi historiko hau antolatzeko, eta espero dugu elkarrekin lan egin ahal izatea denboraldi amaierako txapelketa zoragarri bat eskaintzearren“, adierazi du Patrick Comninos Basketball Champions League lehiaketaren CEO arduradunak.

“COVID-19aren pandemiak eragindako ziurgabetasunezko egoera gorabehera, poz-pozik gaude aukera izan dugulako Final Four hau hona ekartzeko, esperientzia egiaztatua baitu hiri honek saskibaloiko lehen mailako ekitaldiak antolatzen. Horregatik, saskibaloi aste paregabe bat eskainiko diegu Europako saskibaloi-zaletu guztiei”, adierazi du.

BILBAO ARENA

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea oso pozik agertu da lehiaketa horren finala Bilbon jokatzen delako, eta hau nabarmendu du: “beste behin ere, agerian geratu da Bilbo hiri erakargarria dela kirol arloko nazioarteko ekitaldi handietarako”.

Aburtok, gainera, hau nabarmendu du: “Bilbon izango da saskibaloiaren hitzordu handi hau, Bilbao Arenan, eta nire nahia da zaleek eta bisitan etorriko zaizkigun bisitari guztiek gozatu dezatela ikuskizun on batez, eta baliatu ahal izan dezatela aukera hau gure uria , gure gastronomia, gure merkataritza eta dendak eta gure tradizioak ezagutzeko”.

“Espainiako Saskibaloi Federazioarentzat plazer handi bat eta ohore bat da Bilbo izatea BCLren Final Four lehiaketa jokatuko den hiria; Final Four lehiaketa handi bat da, eta Espainiako taldeek oso ondo jokatu ohi dute”, adierazi zuen Jorge Garbajosa jaunak, Saskibaloiko Espainiako Federazioko presidente eta FIBAren Central Board deritzoneko kideak. “Ekitaldi handi hau antolatzea ez da lan erraza, baina jokalekua hain da handia eta Bilboko agintarien esperientzia ezagututa, eta Surne Bilbao Basket klubaren eta interesa duten alderdi guztien, ACB elkartearen eta Espainiako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, ahalegin guztiak egingo ditugu ahalik eta ekitaldirik onena antolatzeko. Final Four edo Final Eight deritzenen aurreko aldietako maila berdintzea erronka izango da, zeren eta ekitaldi bikainak izan baitziren, baina ahalegin guztiak egingo ditugu lehiaketa hau aurten ere garatu eta haz dadin laguntzearren”, gehitu zuen.

Antonio Martín ACB elkartearen presidente eta BCLren Batzordeko kideak hau baieztatu du: “BCL-ren Final Four Bilbon izatea berri handi bat da Espainiako saskibaloiarentzat. Bilbo anfitrioi ezin hobea izango da, jokaleku eder-eder bat dauka eta hiria ezin hobeto prestatuta dago urtetik urtera hazten ari den ekitaldi baterako”.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak