[box]Kirol eta kultura urbanoak uztartzen dituen jaialdia sortu da aurten Bilbon, gure gizartean eta gazteen artean eragin handia duena. Edonork gozatzeko modukoa izateko sortu da, eta ekainaren 24an, 25ean eta 26an, Bilboko Etxebarria Parkea Pil Pil Urban Culture & Action Sports Festival 2022 jaialdiaren gune nagusia izango da. Hiru egunez, hainbat kirol-diziplina egingo dira, hala nola skate, 3×3 saskibaloia, break dance, parkour, slackline edo kalistenia. Halaber, kontzertuak, grafitiak, sortze-lan eta diseinu urbanoen azoka eta underground kulturaren beste adierazpen batzuk ere egongo dira.[/box]
Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Ur Partzuergoaren eta HAZI Fundazioaren laguntza du jaialdiak, baita babesle pribatuak ere, esaterako, Heineken. Vigoko “O Marisquiño” jaialdiarekin senidetuta dago jaialdia, hain zuzen, 2001. urteaz geroztik gaur arte Europako hegoaldeko kultura eta kirol urbanoen gaineko ekitaldi nagusia denarekin. Pil Pil ekitaldiaren helburua da ekainaren azken asteburuan jarduera anitzeko programazioa sortzea. Jaialdiak, hortaz, gorantz ari diren eta irakinaldi betean dauden hainbat hiri-diziplina barne hartzen ditu. Doakoa izango da, eta datozen urteotako hazkunde iraunkorraren aldeko apustua egiten du.
Kirol-arloan, nazioarteko lehiaketak, erakustaldiak, tailerrak eta lehiaketa nagusia jokatu aurreko fasea egongo dira. Esaterako, 3×3 saskibaloian, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren laguntzari esker, txapelketa hauek antolatuko dira:
● Bizkaia 3×3 Pil Pil CUP: Pil Pil FIBA Challenge lehiaketaren aurreko txapelketa da. Bizkaiko 4 udalerritan antolatuko da, maiatzeko igandeetan (maiatzaren 8an, Bilbon; maiatzaren 15ean Barakaldon; maiatzaren 22an, Zornotzan eta maiatzaren 29an, Getxon; guztiak, goizez). Herrietako udal-instalazioak erabiliko dira jokatzeko, diziplina horren izaera urbanoa aldarrikatuta. Egoitza bakoitzeko 2 talde irabazleek –gizonezkoen eta emakumezkoen bi kategoriak– finalaurrekoak eta finalak jokatuko dituzte Jaialdian, ekainaren 24an, ostiralean. Eta Bizkaia Pil Pil Cup txapelketaren 2 talde irabazleek –gizonezkoen eta emakumezkoen bi kategoriak– Challenge FIBAn jokatzeko aukera izango dute, 25ean eta 26an. Txapelketa horren saria abuztuan Vigon izango den “O Marisquiño Challenge” jaialdian Bizkaiaren ordezkari izatea izango da, gastu guztiak ordainduta.
● Pil Pil 3×3 FIBA Challenge: nazioarteko FIBAren 3X3 modalitatearen probaren 1. edizioa, ekainaren 25ean eta 26an, Bilboko Etxebarria Parkean izango dena. Proba hori 2022ko Challenge txapelketa batean –baieztatzeke– lehiatzeko sailkatzeko izango da. Gizonezkoen 16 taldek eta emakumezkoen 16 taldek parte hartuko dute, eta kategoria bakoitzeko txapeldunek hurrengo nazioarteko mailan jokatzeko aukera eta pribilegioa lortuko dituzte.
● Bizkaia 3×3 Pil Pil Cup Txiki: ekainaren 24an, 25ean eta 26an, Bilboko Etxebarria Parkean, Mallonako jokalekuetan hain zuzen, minibasketeko saskiekin, Bizkaia 3×3 Pil Pil Cup Txiki lehenengo lehiaketa egingo da. Helburua da saskibaloizale txiki guztiek, ohiko jokalari izan ala ez, nazioarteko ekitaldi horretan parte har dezaten. Kategoria txiki bakarra egongo da, 8 eta 12 urte artekoentzat (2014-2010), nesken eta mutilen taldeentzat, eta garaileek Pil Pil saria irabaziko dute.
Erakarmen handiko beste kirol bat skate modalitate olinpikoa izango da. Kirol horren programazioa bizienetako bat izango da, tailerrak ez ezik, Bizkaiko Irristaketa Federazioaren eskutik, Euskadiko Mini-arrapala Txapelketa Absolutua izango baita ekainaren 25ean, larunbatean, gure inguruko rider onenekin. Halaber, I. Pil Pil International Challenge antolatuko da, ekainaren 26an, igandean. Bertan, Bilbora sari handiak lortzera etorriko diren nazioarteko ospe handiko rider-en truko, figura eta itzulipurdiekin harritzeko aukera izango dugu.
Era berean, Paris 2024an olinpikoak izango diren beste diziplina urbano batzuk ere izango ditugu gure artean, hala nola break dance. Cypher-ez gozatzeko aukera izango dugu, non breaker-ek nork bere erara dantza egiteko askatasuna duten. Modalitate horren barruan sariak egongo dira onenentzat, eta horiek epaile adituen irizpidearen arabera banatuko dira; hori guztia, DJek girotuta. Olinpikoa izatea helburu duen beste kirol batek, parkour-ek, bere txokoa izango du jaialdian. Modalitate hori egiteko leku ezin hobea Mallonako harresiak izango dira, non kirol berri hori hobeto ezagutzeko erakustaldiak, tailerrak eta topaketak egongo diren. Kirol hori egiten dutenek hainbat oztopo gainditzen dituzte, hala nola barandak, eskailerak edo hormak, estilo eta teknika ezberdinak elkartuta, esaterako,eskalada, jauziak eta lasterketak.
Kirol-jarduera horiek oso lotuta daude espazio publikoen erabilera librearekin; horregatik, Kalisteniarekin lotutako jarduerak txertatuko dira. Gorantz ari den beste jarduera bat da, norberaren gorputzaren pisuarekin ariketa fisikoen multzo batean datzana. Batez ere aire zabalean egiten da, eta horretarako eraikitako instalazioak gero eta ohikoagoak dira, esaterako, Gas Plazako ibarbidean daudenak, jaialdian erabiltzen ikusiko ditugunak. Aire zabalean gero eta gehiago ikus daitekeen beste kirol bat slackline da, hots, bi puntu finkoren artean lotutako zinta lau bat erabiltzen duen oreka-kirola. Jarduera hori hiriko parke eta espazioetako paisaiaren zati da maizago, eta, horregatik, jaialdian ere izango da. Tailerrak ez ezik, erakustaldiak ere egongo dira, eta horietako batean, Gas Plazako ibarbidean, bi puntu lotuko dira 130 metro luze eta 20 metro altu den lerro batekin, eta horren gainean diziplina horretako Euskadiko espezialista bikainetako bat orekan ibiliko da eta freestyle figurak eta trukoak egingo ditu.
Kultura urbanoarekin loturiko jarduerei dagokienez, bertoko sukaldaritzari buruzko hainbat erakusketa antolatuko dira HAZIren eskutik, eta Eusko Labeleko produktuez gozatzeko aukera egongo da; halaber, artista eta diseinatzaile urbanoen market edo azoka bat ere egongo da. Musikak gauez izango du bere unea. Ekainaren 24an, ostiralean, Ben Santanaren (Rubén Rodriguez) hip-hop/rap-en txanda izango da; Villa Sound Bilbao Fest 22 musikaldian parte hartuko du artistak. Ondoren, reggae eta dancehall-eko Nikotina euskal talde sortuberria igoko da eszenatokira. Larunbat gaueko programazioari dagokionez, hauek dira baieztatutako artistak: Laina (Ainara Rodriguez), Villa Sound Bilbao Fest 22 musikaldian parte hartuko duena; Silitia (Xabi Barrutia eta Ibai Silicato), Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazleak eta Villa Sound Bilbao Fest 21 musikaldian parte hartu zutenak; eta Kulto Kultibo, Estatuko rap- aren agertokian aintzat hartzen den taldea, bere ibilbide sendoari esker etengabe hazten ari dena.