Bizkaiko Foru Aldundiak, alde batetik, eutsi egiten dio BIKEE -Bizkaian Kirola Ere Euskaraz- programak kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoari. Eta horren isla da eskola-kiroleko komunitatea konprometitu nahi duen hizkuntza dekalogo bat sortu izana. Beste alde batetik, indartu egiten du eskola-kiroleko arbitroen identifikazio-besokoen kanpaina. Gainera, aurten Athletic Club eta Bilbao Basket bezalako lehen mailako taldeak ere aliatu gisa batu dira, erreferente izateko.
Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak prentsaurrekoa eman du, aipatu taldeetako ordezkariekin eta lehiaketetan besokoak erabiltzeko ekimenean parte hartu duten epaileekin batera. Eta nabarmendu duenez, “ezinbestekoa da euskararen presentzia bermatzea eta indartzea hainbat esparrutan, kirolean ere bai, are gehiago eskola-kirola denean. Eta zentzu horretan indarrak batzea ezinbestekoa da gizartean eragin handiagoa lortzeko”.
Diputatuak Bizkaiko federazioen eta kirol kluben azken urteotako ekarpena azpimarratu du BIKEE programaren bitartez. Adierazi duenez, “badakigu udalerri, eskualde eta kirol bakoitzak errealitate linguistiko oso desberdinak bizi dituela, baina, hala ere, guztion erantzuna bikaina izan da”, eta zeregin horretan urrats sendoak ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.
Jarduera horiek Bizkaiko Foru Aldundia buru duen BIKEE programaren barruan sartzen dira, eta euskararen erabilera soziala txikitatik sustatzea eta praktika hori kirolaren prestakuntza-etapa guztietara zabaltzea dute helburu. Gaur iragarri diren mugarriek indartu egiten dute BIKEEk daukan konpromisoa kirol munduko estamentu guztiak, federazioetatik hasi eta arbitroetaraino, euskararen erabileraren normalizazioan inplikatzeko.
Hizkuntza Dekalogo bat sortu da eta besokoak bueltan dira
BIKEEren bidez etengabe egiten den lanaren ondorioz, Eskola Kiroleko Hizkuntza Dekalogoa sortu berri da. 10 puntu ditu, eta helburua da euskarak eskola-kirolean duen presentzia bultzatzea: kirolariak, teknikariak, klubak, gurasoak eta abar inplikatzea helburu duten hainbat konpromiso dira. Dekalogoa Bizkaiko udalerrietako euskara- eta kirol-teknikariekin adostu da, gutxieneko hizkuntza-eskakizunak lortzeko.
Dekalogoan jasotako konpromisoek honako hauek jasotzen dituzte: argitalpenetan, megafonian eta irudi korporatiboan lehenestea euskarak duen presentzia, baloratzea bai teknikariek euskaraz jakitea bai haurrei euskaraz zuzentzea; teknikariek beti euskara erabil dezatela eskola-umeen aurrean; arbitroek ere erabil dezatela topaketetan, eta partiduetako ikusleek (familiakoek eta ikasleen laguntzaileek) euren babes-mezuak euskaraz ere botatzea. Konpromiso horiek guztiek eskola-kiroleko-komunitate osoari dagozkio, eta denboraldi honetan zabalduko dira.
Iazko berritasuna epaileek besokoak erabiltzea izan zen, eta aurten indartu egingo da besokoen ikusgarritasuna sare sozialetan presentzia handiagoa izateari esker. Aurreko denboraldiko proposamenak harrera oso ona izan zuen klub eta arbitroen aldetik: 3.967 besoko gorri banatu ziren guztira, euskaraz hitz egiten eta ulertzen dutenak identifikatzen dituztenak, eta 3.342 besoko berde, euskara ulertzen duten baina menderatzen ez duten arbitroak identifikatzen dituztenak. Eskaera egin zuten klubak eta federazioak honako kiroletakoak dira: saskibaloia, eskubaloia, futbola, arku-tiroa, esku pilota, herri kirolak eta errugbia.
Aurten ere besokoak eskainiko zaizkie kirol-modalitate horiei eta beste batzuei, eta, gainera, sare sozialen bidez haien erabilera ikusarazteko ahalegina egingo da, kanpaina espezifiko bat eginez. Kanpaina horretan, besokoak daramatzatenak eredu eta erreferente izango dira oraindik animatu ez direnentzat.
Lehen mailako kirol-aliatuak
BIKEE programak, gainera, aliatu berriak ere baditu, hala nola Athletic Club eta Bilbao Basket. Bizkaian bi kirol-erreferente nagusiak dira, eta kirolean euskararen presentziaren alde egiten dute eta eredu dira kirolarientzat zein klubentzat.
Garrantzitsua da Athletic Clubek eta Athletic Fundazioak futbolean euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lana: asko dira Athleticek proposatzen dituen kirol-jardueretan parte hartzen dutenak, eta oso garrantzitsua da erakundeok gazteen artean duten eragina.
Bilbao Basket ere urrats garrantzitsuak ematen ari da euskararen sustapenean. Baina, horrez gain, Bizkaiko gizartean duen sustraitzeak trakzio-efektua izan dezake euskararen erabilera areagotzeko saskibaloiaren munduan, urtez urte handiagoa baita parte-hartzaileen kopurua.
Beraz, klub horiek euskararen erabilera sustatzeko egiten duten barne-lanaz gain, euskararen sustapenean erreferente gisa izan dezaketen potentziala ere azpimarratu behar da, eta, hala, pisuzko aliatu bihurtzen dira.
BIKEE. Kirolean euskararekiko etengabeko konpromisoa
BIKEE programa 2017ko martxoan hasi zen, Euskara Bizia Batzordearen hausnarketa estrategikoaren ondorioz, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, ASFEDEBIren eta kirol-federazioen arteko ahalegin bateratua da, lurraldeko kirol-modalitate guztietan euskararen erabilera normalizatzearren.