C.B.Santurtzi prest dago 2016/17 denboraldia abiatzeko. Lehen partida Grupo de Santiago Automoción taldearen aurka izango da urriaren 8an. Momentuz Euskal Kopa EBAn murgildurik dago eta talde morea berrikuntza askorekin dator.
Euskal Kopa berrian, Donostiako EASO Loquillo, Zarautzko Ulacia Grupo, Mondragon Unibertsitatea, Take Tolosa eta Santurtzi daude. Lehiaketa honetan denek denen aurka jokatuko dute txapelduna nor izango den erabakitzeko. Santurtziarrek bi garaipen eskuratu dituzte lehen bi jardunaldietan Ulacia Gruporen (56-64) eta Mondragon Unibertsitatearen (71-58) aurka.
Aldaketa askorekin dator taldea, besteak beste tekniko berriarekin. Honen helburua lehiaketako erritmoa ahalik eta arinen lortzea eta ilusioa sortzea izango da, LEB zilarra mailara igotzeko. Honi guztiari buruz Ibai Mugarzarekin hitz egin dugu, Adanen bigarrena izan da azken hiru urte hauetan eta aurten taldearen buru jarri da.
Zer sentsaziorekin abiatzen duzu entrenatzaile etapa barri hau?
Oso pozik nago taldearekin, pixkanaka erantzukizunak hartzen noa eta gogor lan egingo dut gauzak ahalik eta hobeen joateko.
Nolakoa ari da izaten taldearen aurre-denboraldia?
Ez da nahi bezalakoa izaten ari. Ezusteko batzuk izan ditugu: bi lesio izan ditugu entrenamenduekin hasi eta berehala, beste batek istripu txiki bat izan zuen kantxatik kanpo eta oraindik errekuperatzen ari da eta lehengo eguneko partidan kapitainetako bati sudurra apurtu zioten. Alde positiboa automatismoak sortzen gabiltzala da eta sinbiosi hori beharrezkoa da jokalarien artean.
Euskal Kopari dagokionez momentuz bitik bi. Ematen du azken garaipena Easo eta zuen artean egongo dela.
Orain arte egon diren emaitzei erreparatuz, hori ematen du. Ikusiko dugu zer gertatzen den azken partidan baina orain hurrengo jardunaldia dugu buruan, izan ere ziur nago Tolosa lehiatzera etorriko dela. Emaitzez haratago, onena taldean ematen ari den eraikuntza lana da.
Denboraldi honetan aurpegi berriak dituzue. Ze jokalari sartu dira taldean eta zein zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke?
Gutxi gora behera talde erdia berritu dugu. 23 urtez gorako bi jokalari ditugu bakarrik. Berrienek oso esperientzia gutxi dute, soilik denboraldi bat beste klub batzuetan. Fitxaketen artean Javi Mazo dago, Unamunerekin Euskal Liga jokatzen egon dena, Imanol Orube, Nazional Lehen mailan aritu dena Tabirakorekin, Xavi Cega Getxo taldekoa edo Gonzalo Gomez, Estatu Batuetako talde unibertsitario batean egon dena. Bertan garatutako teknika ematea espero dugu, baina lehenago belauneko lesio larri bati egin behar dio aurre.
Zein helburu dituzue urte honetarako?
Printzipioz iazko helburu berdinak ditugu, igoerako promozioan sartzea. Baina helburuak baino garrantzitsuagoa da zaleak partidak ikustera etortzera eta ilusioa sorraraztea.
30.urteurrena aprobetxatuz, Mugarzak Klubari emandako aukera eskertze aldera emandako mezuarekin bukatzen dugu: “Raquel Presidentearen eta Imanol Martinez Kirol zuzendariak egunero egiten duten lana eskertu nahi dut”