Barakaldoko Dosa Salesianos izan dugu txapeldun Senior Kopa honen azken edizioan Universidad de Deusto Loiolari 64-72 irabazita. Luzapen eta guzti, emozioz beteriko partidua bizi ahal izan zuen Escolapioseko kantxara bertaratutako jendeak. Ainhize Rodríguez suertatu zen erabakigarri, bost minutu gehigarri horietara iritsi aurretik bi hiruko sartuta eta ostera denbora horren barnean behin betikoa saskiratuz.
Bion aldetikako planteamendu argiak hasieratik. 2-3 zonaldeko defentsekin, nork bere estrategiaz baliatzen zen anotazioen harira; barnetik Dosak, kanpotik Loiolak. Silvia Ramos zen adierazgarri Dosa Salesianosen 9 punturekin lehen laurdenean, eta Andrea Mendía bilbotarren taldean 10 punturekin. Azkenean, Rodríguezen hiruko bat eta 19-22ko abantaila barakaldarrentzat lehenbiziko hamar minutuak igarota.
Hobe menderatu zuen bigarrena Loiolak. Barneko baloien itxieran kontzentratu eta era berean bere eraginkortasuna murriztu zuen Dosa Salesianosek. Atsedenean, 35-32 Universidad de Deustorentzat.
0-4ko partziala sartu zuen gero Dosak eta berriz ere aurretik jarri. Gelditu behar izan zen norgehiagoka Olga Salinasen lesioa dela eta, eta hortik aurrera bilbotarrak itzuli ziren intentsitate handiagoz. 34. minutuan 56-48ko abantaila eskuratzen zuten eta trabaturik zegoen Salesianos, sartu gabeko tarteak, mugikortasuna eta zirkulazioaren arintasun eza pairatuz. Hala ere, Ramosen puntuek itzuli eta partiduan sartu zuten berriz Dosa Salesianos. Justu ondoren, 6
puntuko ezberdintasuna jartzen zuen beste behin Andrea Mendíak. 59-53 bi minutu t-erdi falta zirenean.
Defentsan ondo, baina erasoari hobe ekin behar zion Dosak. Aldiz, Loiolak partidua sententziatzeko aukera izan eta ez zuen saskian asmatu. Hiruko bat saskiratu zuen orduan Rodríguezek Salesianosentzat, eta ostera ere beste bat, aurkariek egindako bi falten sakeen ondorengo jokaldian. 59-59ra berdindu zen lehia beraz, luzapena jokatzeke.
Banakako jaurtiketetan erabaki zen gehienbat hura hortik aurrera, harik eta Uncetabarrenetxeak saskitik gertu lau puntu egin eta 62-65-a lortu. Adimentsu jokatu zuten barakaldarrak eta Loiolari ez zitzaion ezer ez artzen. Rodríguezen beste hiruko bat eta 62-70. Esfortzu extra nagusia behar zuten deustoko neskak, baina nabaria zen nekea ordurako minutu ugariren ostean. Amaieran, 64-72.