FEB txapelketak: gutxigatik ez zen plenua eskuratu

SANTURTZI, ZARAUTZ, EBA
SANTURTZI, ZARAUTZ, EBA

Partidu ona jokatu arren, ezin izan zuen Bilbao Basketek garaipena lortu Gran Canarian. Antzekoa gertatu zitzaion ordea Gernika Bizkaiari, beste norgehiagoka orekatu batean. Zorionez, hala ere, Santurtzik, GDKO Ibaizabalek eta Ametx Zornotzak euren partiduak irabazi zituzten, jakkina, bakoitzak bere jomugak aintzat hartuta.

(ARGAZKIAK: DANI ÁLVAREZ)

91-85 izan zen Bilbao Basketen emaitza Kanarietan, zerbait gehiago merezi arren. Orekatua izan zen partidua hor nonbait. Dexente saskiratzen zuen Bogrisek bizkaitarrentzat, baina berdin jokatzen zuen Omic-ek, saskiak itzuliz. Harrezkero, errebotean bilbotarrek pairatutakoarekin batera, ezin zuten abantailik lortu atsedenerako, 49-47. Antzekoa suertatu zen bigarren partea; ezberdintasun nabarmena ordea eurek eskuratutako 14-4ko partziala.

Partidu ikusgarria jokatu zuen Gernika Bizkaiak bestalde. Claudia Pop aritu zen ongien, baina hobeki ibili ziren bisitariak errebotean, baita une erabakigarrietan ere. Gaizki kudeatu zuten gernikarrak azkeneko minutua markagailuan abantaila zutela, Vanderwalek hiruko bat erratu eta guzti. Azkenean, 66-70. Borrokatu beharko dute eta serio gainera play-offetan egotea nahi badute Lopezen neskak.

Ametx Zornotzak bere aldetik nolabait tramitea bete zuela esan genezake. 61-67 irabazi zuen Simply Olivaresen kontra eta maila mantentzeari dagozkion mamuak uxatu ditu oraingoz. Ongi asko mugitu zen Wolf pibot alemaniarra eta bigarren jokaldietan nagusitu ahal izan ziren lokalak bestaldetik ere.

64-65 irabazi zuen GDKO Ibaizabalek Ensinosen aurka. Oso positiboa, play-offei begira aurkari bat ia gainetik kenduz. Erabakigarriak izan ziren Jone Azkueren banakako jaurtiketak justu puntu bakarreko errenta lortzeko.

Birpasoarekin amaitzeko, esan beharra dago santurtziarrak 82-59 irabazi zutela azkeneko postuan dagoen taldeari, zarauztarrak alegia. Defentsa eta errebotea primeran kudeatu zuten denbora guztian zehar, azkeneko hamar minutuak gozatuz. Garaipen honi esker hirukotearen partidu bakar batera mantentzen dira momentuz.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak