[box]Bizkaiko Federazioak adina, Gipuzkoakoak ere ospatu zuen aurreko ostegunean Aquarium Auditorioan haren 75. urteurrena. Bertan egon zen Germán Monge presidentea gure saskibaloiaren ordezkari gisa, eta honek zehazki granito urdineko traineru bat eskaini zion Gipuzkoako presidente Vanesa Asensiori, 75 urtez arraunean ibili izanaren seinale. [/box]
Klub, instituzio eta epaile-batzordeko hainbat ordezkari gerturatu ziren Bego López eta Raúl Melerok aurkeztutako ekitaldira. Horrenbestez, kronologikoki antolatu zen galaren gidoia hiru partetan: lehenbizikoan, Joseba Arozenak prestatutako hamar minutuko bideo bat proiektatu zen, zeinean Gipuzkoako lehen garaiko jokalari eta partiduak gogorarazi zituzten. Horren ostean, zenbait ohore banatu ziren urte haietan Gipuzkoako saskibaloiaren aldeko apustua egin zuten pertsonen artean, hots, Josean Gasca Burges, Shegun Azpiazu Arruabarrena eta Adolfo Barrenetxea Belio.
Bigarren fasean, gaur egun jarduten duten ia talde guztien jaiotza oroitu zen, zuri-beltzeko irudietatik kolorekoetara igaroz. Eboluzioaren adierazle, pabeiloi estalietan jokatzen ziren dagoeneko partidu gehienak. Zentzu honetan, Iñaki Almandoz Aranburu, Eva González Berrotaran, Mikel Lekaroz Garikano, Nieves Alza Castillo, Pedro Echarri Sarasola, Javier Iraeta Alvarez, Reyes Alza Castillo, Maribel Garcia de Madinabeitia, Angel Oliveira Lasalle eta Jose Mari Balzategi Juldainen lana saritu zen.
Azkenekoan, berriz, batik bat 90. hamarkadatik aurrera saskibaloiak bizi izandako gorakada ekarri zen gogora. Aurreko boladetako arrakastak, egun kirol honi esker gozatzen duten jokalariak eta epaile-komiteko kideak elkarrekin ikusi ahal izan ziren irudietan. Golardoa jaso zuten Aranzazu Mugurza Domingez, Jose Luis Zubizarreta Sudupe, Germán Cea Etxeberri, Miguel Santos Oderiz, Rubén Sánchez Mohedas, Pedro Epelde Godaracena eta Rafa Cano Benjumea.