Oro har, ez da asteburu ona izan estatu-txapelketei dagokienez. Neskek jarri dute ordea alde positiboa; etxetik kanpo irabazi zuten Gernika Bizkaia eta GDKO Ibaizabalek, Logroño eta Leonen, hurrenez hurren.
85-49 galdu zuen Bilbao Basketek Valentziaren aurka, ACBko garaitu gabeko liderra hain zuzen. Hasierako 16-2ko tarteak argi bideratu zuen partidua lokalentzat, eta beltzek ezin izan zioten aurre egin ia lehia osoan.
Gernika Bizkaiak, 62-74ko emaitza eskuratu zuen Errioxako Campus prometeren aurka sailkapenaren goiko partean mantentzeko. Gogor aritu izana eta aurkarien erreakzioak saihesteak izan ziren gako nagusiak. Bi puntuko diferentzia lortzen zuten Lópezen neskak atsedena iritsita, 40-42. Oso ongi aritu ziren defentsan hirugarren laurdenetik aurrera bestalde, soilik 20 puntu jasota.
Bidaideak, bere aldetik, 73-85ko porrota jasan zuen MIDEBA Extremaduraren kontra. Halaber, bisitariek bilbotarrek emandako hainbat erraztasun aprobetxatu zituzten Banakako bi jaurtiketa baliatu zituen Dani Díezek, baina horiek erratu eta azkeneko minutuetan hobe aritu ziren Extremadurakoak. Partidu honen hasieran 75. urteurrenaren logoaren pegatinak entregatu zitzaizkion klubari, eta ondoren Germán Monge presidenteak egin zuen ohorezko sakea.
Galizian galdu zuen Ametx Zornotzak ere Marínen aurka, 89-75. Hala ere, borrokatutako lehia izan zen Kopako txapeldun berri eta mailako egungo liderraren kontra zela aintzat hartuz.
50-66 irabazi zuen GDKO Ibaizabalek Leonen kontrako norgehiagokan. Estitxu Ibarretxeko neskek ongi asko kudeatu zuten lehia denbora guztian zehar, arazo handirik gabe.
Azkenik, 63-56 galdu zuen Santurtzik EASOren kontrako partiduan, seguru aski txapelketaren kantxa zailenetako bat. Fisikoki primeran ibili ziren donostiarrak, eta hori dela eta ez ziren nahikoak izan Xabi Pérez eta Iñigo del Valleren saiakerak.