Xabi Ortuoste: “1-9 balantzeak ez du erakusten talde honek denboraldi osoan zehar burutu duen lana”

Xabi Ortuoste: “1-9 balantzeak ez du erakusten talde honek denboraldi osoan zehar burutu duen lana”

Bigarren fasea bukatu dute dagoeneko Euskal Ligako taldeek. Lau entrenatzaileren analisia falta zaigu oraino ordea -horietako bik Euskadiko Final Four-a jokatuko dutelarik-. Hurrena, kadete nesken Tabirako Baque zuzentzen duen Xabi Ortuosterekin izan gara. Bera eta Julen Berrocalek gidatzen dute taldea, hain justu. Maila mantendu eta denboraldia bukatutzat eman dute beraz Euskal Ligari dagokionez, Bizkaiko txapelketan lehiatzea geratzen bazaie ere. Autocares Ulazia ISB izan da lehena 9 garaipen eta porrot bakarrarekin; bigarrena Gernika KESB, 8-2; 6-4ko emaitza lortu du Easo Ate Asesores hirugarren postuan; 4-6 Basketcountry. es laugarren postua eskuratuz; bosgarrenak Esasa Araski 00ko arabarrak izan dira, 2 eta 8ko balantzearekin; eta seigarren eta azkenak Tabirako Baqueren neskak, 1-9rekin. Intentsitate eta erritmora moldatzea nolabait kostatu zaiela aipatu du Ortuostek bereziki. Hala ere, pozik agertzen dira biak taldeak partidu bakoitzean erakutsitako lehiakortasunarekin.

Zure ustez, zeintzuk izan dira taldeak jasandako alderdi okerrenak 1-9ko balantze negatiboarekin bukatzeko?

Alde batetik, goiko postuetan geratu diren hiru taldeek maila oso ona erakutsi dute denboraldi osoan zehar eta talde hauen kontra 40 minututan zehar lehiakorrak izatea asko kostatu zaigu. Eta, beste alde batetik, San Viatorren aurka jasandako bi porrotek erabaki dute gure postua bigarren fase honetan. 

Hala ere,1-9 balantzeak ez du erakusten talde honek denboraldi osoan zehar burutu duen lana.

Espero zenuten halako zerbait? Desengainua hartu duzue nolabait?

Bagenekien bigarren fasea lehenengoa baino gogorragoa izango zela eta hala izan da. Goiko taldeek joko-mailan eta intentsitatean gora egin dute eta gu ez gara gai izan goiko taldeen erritmoa mantentzeko.

Hala ere, hurrengo denboraldirako maila mantentzea zen taldearen helburua eta hori lehenengo fasean lortu genuen. Emaitzei begiratuta, argi eta garbi bigarren fasea ez da ona izan, baina entrenatzaileok pozik gaude jokalariek erakutsi duten lehiakortasunarekin eta lanerako jarrerarekin.

Zer-nolako giroa hautematen duzu jokalarien artean bigarren fase honen ostean?

Emaitza onik lortu ez arren, San Viatorren kontrako partidura arte Final Fourrean sartzeko aukerak mantentzen genituenez, taldeko giroa ona zen. Partidu hori galdu ondoren, Final Fourrera sartzeko aukera guztiak galdu genituen eta horrek eragina izan zuen jokalariengan, horren ondorioz taldeak behera egin zuen.

Orain, Bizkaiko Final Fourrerako berriz ere gogotsu ikusten ditut.

Nola azaldu liteke hainbesteko ezberdintasuna kadete eta juniorren talde beraren artean, kontuan izanda azken hauek Final Four-a lehiatzeko sailkatu izana?

Nire ustez, bi taldeak konparaezinak dira, kontuan izan behar da juniorren taldean maila handiko bi belaunaldi elkartu direla eta horrek zerikusi zuzena izan duela lortutako emaitzetan. Denboraldi hasieratik eta kontuan izanda kadeteen eta juniorren maila, talde bakoitzaren helburua desberdina izan da. Azkenengo 1-9ko balantzeak erakusten ez duen arren, kadeteok ere Final Fourrean sartzeko aukera izan genuen.

Zein da aurreikusitako planifikazioa Datorren denboraldiari begira? Mantenduko dira neska gehienak, edota zeintzuk izan litezke aldaketa nabarmenenak?

Datorren urteari begira, kadete mailan, aurten izan ditugun bi jokalari geratuko dira, beste guztiak juniorrera pasatuko dira. Beraz, esan daiteke talde berri bat izango dela. Horren ondorioz, aurten gertatu zaigun bezala, denboraldi hasieran erritmoa hartzea kostatu egingo zaiela pentsatzen dut.

Helburuei dagokienez, uste dut maila mantentzea izango dela horietako nagusia.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak