Iñigo Yarza bezalako epaileei eta beste partaide askori esker saskibaloiak hedapen zabala izan du gure lurraldean. 31 urteko arbitro honek gure saskibaloiko maila ezberdinetan arbitratu izan du. Beheko mailetatik hasi eta EBA eta Emakumezkoen Liga 2 arte. Guztira 14 urtez kirolean injustuki gutxien aitorturik dagoen lana egiten aritu izan da. Gaur egun Yarza “Informativos Telecinco”ko kazetaria da, arbitratzen zebilen garaiak estimuz gogoratzen ditu, baina epe laburrean ez dauka arbitratzera itzultzeko asmorik.
Saskibaloi arbitroa eta kazetaria. Ekintza biak uztartzea zaila egin zitzaizun?
Hasiera batean ez nuen inolako arazorik izan. Zortea izan nuen eta karrera bukatzerakoan aste barruan egiten nuen lan eta asteburuetan arbitratzeko denbora izaten nuen.
Arbitro lanetara itzultzeko asmoa duzu?
Momentu honetan ezetz esango nizuke. Zure biziko etapa garrantzitsu bati amaiera ematen diozunean asko pentsatutako erabakia izan ohi da. Iraganaren parte da.
Arbitratzea faltan botatzen duzu? Epe laburrean arbitratzeko asmorik duzu?
Batzuetan faltan botatzen dut. Urte asko eman ditut arbitratzen. Asteburuak honantz eta harantz, egun osoa etxetik kanpo, familia bazkarietatik korrika irten beharra partidura garaiz iristeko… Baina esan dizudan bezala, epe laburrean ez dut uste arbitratuko dudanik. Urte batzuk barru nork daki. Baina ez dut uste, arbitratzen bizitakoa errepika-ezina da. Eta soilik oroitzapen horiek bultzatuko nindukete arbitratzera.
Madrilera kazetari bezala lanean joatea, zer nolako aldaketa izan zen zuretzat?
Erabakia hartzea ez zitzaidan bat ere kostatu. Curriculuma bidali eta gutxira lan egiteko deitu zidaten eta ez nuen bitan pentsatu. Egia da Madril aurretiaz ezagutzen nuela eta betidanik asko gustatu zaidan hiria dela.
Nola baloratzen duzu gaur egun Telecincon egiten duzun lana? Kazetaritzarekin zerikusia duen beste lanen bat egitea gustatuko litzaizuke? Agian kirol kazetaritza?
Uste dut nire lana ez dudala nik baloratu behar. Hori ni jarraitzen nautenek eta nire nagusiek egin beharko dute. Ni “Informativos Telecinco”ren eguneroko lanaren zati txiki bat baino ez naiz. Nire lehendabiziko praktikak kirol kazetaritzan izan ziren, garai hartan asko ikasi nuen, gero beste kazetaritza mota bat egin dut, entretenimendu saioak barne. Baina momentuz gehien gustatzen zaidan arloa, informazioarena da, oso gustura nago arlo honetan. Baina ez dut baztertzen beste zerbait egitea, badakit gai izango nintzatekeela. Azkenean arlo bakoitzak interesgarri bihurtzen dituen puntuak dauzka.
Zein albiste eman nahiko zenuke?
Edozein berri on ematea asko gustatuko litzaidake. Nahiz eta hutsala iruditu,zoragarria litzateke.