Asteburu honetan jokatuko da Urrezko LEB mailako Lauko Finala Bilbon. Bi partiduko distantziara dauka etxeko taldeak ACBrako igoera. Melilla izango da aurreneko aurkaria. Miribillan 9000 zaletu elkartzea espero da taldeari babes osoa eskaintzeko.
Benetako unea iritsi da. Denboraldi on honi behar den bezala agurtu nahi diote beltzezko gizonek. Alex Mumbruk estreinaldi ona izan du aulkian eta bigarren postua lortu zuten sailkapen erregularrean. Palentziaren aurka jokatuta datoz, espero baino zailagoa izan zen kanporaketan.
Miribilla efektua erabakigarria izango da azken partidua ikusi eta gero. Melillakoak ohituta daude era honetako partiduak jokatzera eta presio guztia sentituko dute bere gain bilbotarrek. Denboraldi honetan beraien aurka jokatutako partiduetan gureak izan dira garaile baina larunbatean 19:30etatik aurrera jokatuko den partidua erabakigarria izango da.
Egun bereko 17:00etan jokatuko da aurreneko finalerdia Iberojet Palma eta Ourense Baloncesto taldeen artean. Galiziarren entrenatzailea Gonzalo Garcia de Vitoria bilbotarra da. Pronostikoak oso zabalik daude.
Finala igandean jokatuko da 18:00etatik aurrera. Bizkaiko Saskibaloi Federazioak Bilbao Basketen ametsa errealitate bihurtzea espero du. Datorren denboraldian ACB-n egon baietz!