Saskibaloiko 120, eskubaloiko 43 eta futboleko 198 entitateetan pankartak banatu dira harmailetako ikusleei errespetua eskatzeko helburuarekin.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eskola-kirol programak harmailatan jokabide egokiak sustatzeko kanpaina berri bat jarri du martxan. Ekimen honen bidez, “Errespetua” leloa duten pankartak banatu dira saskibaloiko 120, eskubaloiko 43 eta futboleko 198 entitateetan, ikusleen artean jarrera arduratsuak eta errespetuzkoak sustatzeko helburuarekin.
Pankartak gaurtik aurrera erakutsi ahal izango dira partiden aurretik eta bitartean, ikusleak kontzientziatzeko eta kirol-ingurune hezitzaile, seguru eta errespetuzkoa indartzeko asmoz. Bizkaiko Foru Aldundiak garatutako KirolaON tresnaren arabera, azken ikasturtean harmailan gertatutako 13 gorabehera hauteman ziren, indarkeria motarik ohikoenetakoa izanik ikusleen jarrerei lotutakoa.
Azken hilabeteetako datuek ere erakusten dute ikusleen portaerari lotutako intzidentziak ugaritu egin direla, eta egoera horrek agerian uzten du beharrezkoa dela kirolaren ingurunea errespetuzkoagoa bihurtzea. Horregatik, Aldundiak “Errespetua” pankartak inprimatu eta banatu ditu eskola-kirolaren partidak egiten diren gune guztietan jartzeko, mezua indartzeko eta guztion konpromisoa erakusteko: elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako eskola-kirol baten alde.
Ekimenaren helburu nagusiak
- Epaileen erabakiak onartzea eta protesta edo jokabide desegokirik ez egitea.
- Harmailatik entrenatzaile gisa ez jardutea, kirol-egile bakoitzaren rola errespetatuz.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren “Ikusle Onaren Dekalogoa” betetzea.
- Gogoratzea eskola-kirolaren helburu nagusia umeek eta nerabeek disfrutatzea, ikastea eta haztea dela, emaitzetatik harago.











