GIZONEZKOEN ESPAINIAKO KADETE TXAPELKETA: Loiola Indautxu 8 onenen artean

GIZONEZKOEN ESPAINIAKO KADETE TXAPELKETA: Loiola Indautxu 8 onenen artean

Maila ona eskaini dute talde Bizkaitarrek, pasa den Igandetik LLeidan ospatzen ari den Gizonezkoen Espainiako Kadete Txapelketan. Loiola Indautxu Estatu osoko zortzi talde onenen artean sailkatu da, final zortzirenetan Easori 71-55 irabazita. Final laurdenetan FC Barcelonarekin egin zuten topo eta gorri-urdinek bere talentu eta nagusitasun fisikoa erakutsi zuten 85-43 irabazita. Orain bilbotarrek zazpigarren postuagatik borrokatuko dute CAI Zaragozaren aurka. Bilbao Unamunok ezin izan du final laurdenetarako sailkatu baina itxura ona eman zuen Real Betisen aurka, naiz eta 76-51 galdu.

FINAL ZORTZIRENAK: REAL BETIS 76 – BILBAO UNAMUNO 51

Sevillako taldeak kanporaketa erabakitzeko presa zeukan eta hasieratik erakutsi zuen. Andaluziarrak hobeto hasi ziren, asko asmatuz eta berehala lortu zuten aldea,28-13. Hortik aurrera norgehiagoka berdinduagoa izan zen. Bilbotarrek ez zuten lortzen Sevillakoen saskira ondo hurbiltzea eta urruneko jaurtiketekin saiatu ziren. Ez ziren fin ibili eta hirukoetan lorturiko 2/17ak bizkaitarren aukerak zapuztu zituzten.

Jon Bilbaoren taldeak txapelketa ona egin du. Pena da Real Betis indartsuarekin topo egin izana.

Estatistika

FINAL ZORTZIRENAK: LOIOLA INDAUTXU 71 – EASO BEGITEK 55

Azken faseko lehen jardunaldian kruze ona zuten Loiola Indautxukoek. Bilbotarrak ondo ezagutzen zuten aurkari baten aurka jokatu zuten, Easo. Ez da aurkari erosoa talde donostiarra baina gorritxoek neurria hartua diote. Lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi (30-26). Hirugarren laurdenean Perez, Gutiez eta Lacabexek berea erakutsi eta abantaila lortu zuten, azken minutuak lasaitasunez igaro zituztelarik.

Garaipena eta final laurdenetarako sailkapena. Hurrengo geltokia: FC Barcelona.

Estatistika

FINAL LAURDENAK: FC BARCELONA LASSA 85 – LOIOLA INDAUTXU 43

Ez du zorterik izan Final Laurdenetako kruzeekin Loiola Indautxuk, non titulua lortzeko hautagai nagusienetakoa den FC Barcelonarem aurka lehiatu behar izan den. Katalanek ez zuten Loiola handitzerik nahi eta hasierako 24-7koa adibide argia zen. Eraginkortasuna, errebotea eta fisikoa erabakigarriak izan ziren eta Bilbotarrek ezer gutxi egin zezaketen. Xabier Sainz de Barandaren taldea ez zen behera etorri, lehiakorrak izan ziren eta gorri-urdineri aurpegia emateko gai izan ziren hurrengo minutuetan. Biizkaitarrak asmatu ezinik ibili ziren hiruko lerrotik (0/14) . Horrek arnas pixkat emango zien baina ez zen horrela izan eta azken minutuetan Barçak aldeak igo zituen.

Talde katalanean bi jokalari bizkaitar izan genituen, Oier Ardanza eta BorjaFernandez.

Talde bilbotarrak zazpigarren postuagatik jokatu beharko du ostiral honetan 12,30etatik aurrera.

Estatistika

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak