(ARGAZKIA: fundacioncbgranada.es)
RETAbet Bilbao Basket taldeak atseden hartu zuen, bere jardunaldia atzeratu eta gero. GDKO taldeak igoera fasea jokatzeko ametsarekin jarraitzen du Cortegadari irabazita. Laugarren postuan daude dagoeneko eta beraien esku dute sailkapena. Lointek Gernika Bizkaiak porrotarekin bukatu du denboraldia baina hirugarren postua berea du eta asteazken honetan Araskiren aurka lehiatuko da play-offetan. Zornotzak galdu egin zuen baina igoerako play-offetan jarraitzen dute eta Santurtzik irabazten jarraitzen du Gallofa&Coren porrota itxaroten duten bitartean. Bidaideak BSR taldeak garaipen berri bat eskuratu du eta tituluarengatik borrokatzea ahalbideratuko lekiokeen postuetara hurbiltzen dabil.
UNI FERROL 56 – LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 50
Liga Erregular bikain hau ezin izan zen garaipenarekin itxi Ferrolen. Horrek garaipenen errekor gabe utzi zion Lointek taldeari eta iazko 16 garaipenekin geratzen da aurten ere. Gernikarrek ez zuten asmatu urrutiko jaurtiketetan. Ez dago balantze eta analisiak egiteko denborarik. Orain play offetan Lacturale Araskiren aurkako partiduan pentsatzen hasteko unea da. Hiru partiduetatik onenak gaindituko du kanporaketa. Lointek taldeak kantxa faktorea aldeko du. Tituluarengatiko borrokari asteazken honetan ekingo diote Gernikarrek Maloste Kiroldegian 20:00etatik aurrera.
COVIRÁN GRANADA 74 – ZORNOTZA 67
Aurretik ere jakina zen lan zaila izango zuela Zornotzak Covirán Granada taldearen aurka partidua irabaztea Granadako Kirol Jauregian, baina Zornotza inolako konplexu gabe irten zen. Hasieratik oso berdindua egon zen partidua baina hirugarren laurdenean etxeko taldeak 7 puntuko abantaila lortu zuen eta hortik aurrera markagailua ondo kudeatu zuten. Erabakigarria izan zen Errebotean andaluziarrek erakutsitako nagusitasuna. De la Rua Zornotzarren jokalaririk onena izan zen, 16 puntu lortuz. Hiru jardunaldi geratzen dira eta Zornotza zazpigarrena da, bost talderekin berdindurik 14-13ko balantzearekin.
SANTURTZI 65 – MONDRAGON UNIBERTSITATEA 41
Ezkerraldekoek denboraldi handia eginez jarraitzen dute. Larunbatean puntu beharrizan handiarekin zegoen Mondragon Unibertsitateari irabazi zioten. Santurtziarrek hasieratik abantaila lortu zuten, 17-8 eta partidua guztian nagusi izan ziren. Azken minutuetara 47-27 sartu ziren eta ordurako dena erabakita zegoen.
BIDAIDEAK BILBAO BSR 78 – AMIAB ALBACETE 66
Lau jardunaldi geratzen dira Liga Erregularra bukatzeko eta Bidaideka bosgarren postuan da. Geroz eta hurbilago dute Fundación Grupo Norteren esku dagoen laugarren postua Albaceteri 78-66 irabazi eta gero. Bilbotarrak nagusi izan ziren lehendabiziko zatian. Turek bikain aritu zen eta Mourizek partidua kontrolpean jarri zuen AMIAB hobeto aritu zenean.