Jaurtiketa libreek Zilarrezko LEB finalera sailkatzeko bosgarrenen partidua jokatu behar izatera eraman dute Ametx Zornotza

Jaurtiketa libreek Zilarrezko LEB finalera sailkatzeko bosgarrenen partidua jokatu behar izatera eraman dute Ametx Zornotza

Bosgarren partidua egongo da Granadan. Ametx Zornotza bere helburua lortzetik gertu izan zen finalerdietan baina itxaron egin beharko du. Ostiralean jokaturiko partiduan Zornotzarrek 81-80 irabazi zuten luzapenean. Igandean Covirán hobeto aritu zen eta 4,60 metroko lerrotik izandako %61eko asmatzeak momentu erabakigarrienetan partidua ezin lotu izana ekarri zuen.

HIRUGARREN PARTIDUA: AMETX ZORNOTZA 81 – COVIRÁN GRANADA 80

Talde Zornotzarrak Larrean erabakita utzi gura zuen kanporaketa Granadan 5000 zaletu ingururen aurrean kantxa faktorea berreskuratu ostean. Giro bikaina izan zen Larrean, eta luzapenean hirugarren partidua irabazi zuten etxekoek. Milekovic izan zen luzapena behartu zuen hirukoa sartu zuena Granadakoentzat eta luzapenean Juan Torresek lan garrantzitsua egin zuen jaurtiketa libreetan izandako asmatze txarrari  (23/42) aurre egiteko.

2-1ekoa alde zutela ekingo zioten bizkaitarrek laugarren partiduari Larrean. Mikel Garitaonandiarenak jakitun ziren irabaziz gero Zilarrezko LEBeko finalean sailkatuko zirela.

LAUGARREN PARTIDUA: AMETX ZORNOTZA 54 – COVIRÁN GRANADA 65

Emozio eta tentsio handia bizi zuten igande honetan Larrean. Partidua hasteko 45 minuturen faltan harmaila erdiak beteak ziren eta 15 minuturen faltan ez zen leku librerik geratzen.

Hasieratik lehendabiziko pistak agerikoak ziren. Granadarrek garaipena eskuratuko zuten eremua erakusten zuten. Coviran hobeto hasi zen, izan ere Bowiri esker saskia gehiagotan ikusten zuten eta Zornotza ataskatu egiten zen kanpoko jaurtiketak sartzen ez zirenean. Lehen laurdena 15-22 bukatu zen. Bigarren laurdenera ondo sartu ziren berdeak Juanchi Orellanok bere taldea lepoan hartu zuelarik. 9-2ko partziala lortu zuten eta partidua berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera berdintasuna izan zen nagusi, non bizkaitarrek defentsa lan handia egin behar izan zuten. Atsedenaldira 31-33 iritsi ziren.

Atsedenaldiaren ondoren bazirudien Granadarrek ideia argiagoak zituztela eta hori markagailuan igarri zen.  Vucetic oso loturik ikusten zen eta hirukoak ez ziren sartzen. Jarraian Pablo Pinen gizonen bigarren abisua etorri zen (36-45 27.min). Zaletu Zornotzarrek taldeari aupada eman zieten eta Vuceticen hiruko bati esker 9-0eko partziala lortu zuten, markagailuan 44-45ekoa ezarriz. Orellanok partidua bikain maneiatu zuten baina bere kideek partiduari buelta emateko aukerak zapuzteaz arduratu ziren,jaurtiketa libreak huts eginez. Granadak bere esperientzia erakutsi zuen bukaera estu batetik garaile irteteko.

Asteartean bosgarren partidua ospatuko da Granadako Kirol Jauregian gabeko 21etatik aurrera.

 

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak