Bilbao Basketen seigarren partaidetza izan da honakoa, eta finalaurrekorako sailkapena lortu zuen atzo ate nagusitik gainera! 72-73 garaitu zuen Bartzelonaren kontra, primerako partidua eginez. Gauzak horrela, Herbalife Gran Canariaren aurka jokatuko dute hurrengo partidua bihar, 19:00etan. Ruoff izan zen gako nagusietako bat. Hau da bizkaitarrek txapelketa honetan eskuratutako bigarren egitandia; bestea, hain zuzen, aurkari beraren kontra izan zen baita ere, 2008an.
Oso ondo ibili ziren Sito Alonsoren jokalariak hasierako laurdenetik amaiera arte. Hala adierazi zuten esaterako Hervellen aurreneko hiru hirukoek. Primeran erasoan, defentsan adina. 18-20 lehenbiziko hamar minutuen bukaera iritsita.
Erreboteari esker zertxobait hobetu zuten Xavi Pascualenak, batik bat Samuelsen lana nabarituz. Ostera ere Slezas sartu eta partiduaren kontrola gehiago kudeatzen lagundu zuten. Hala ere, bilbotarren koneksioa itzuli eta aipatu Ruoff, Mumbrúren hiruko galanta, Bogrisen erabakitasuna eta Bertansen azkeneko 2+1ko jokaldiek hiruko abantaila eman zieten beltzei atsedenera helduta, 37-40.
Perperoglouk aurretik kokatzen zuen bere taldea hirugarren laurdena hasi orduko,22. minutuan eta gauzak okertzen zirela zirudien. Baina, kontraldetik, Hervelle-Mumbrúren koneksioa ikusi genuen ondoren katalanen ahaleginak bertan behera utziz. Hortik aurrera, berdintasun nabaria markagailuan eta txandakatze ugari saskietan.
Azken bi minutuetan, 66-71ko emaitza islatzen zuen honek. Hutsartea eskatu Pascualek, baina zorionez ez zuen askotarako balio izan. Biko saskiraketa lortu zuen Rivasek haientzat, baina hiruko bat erratu zuen gerora. Banakako bi puntu eskuratu zituen orduan Mumbrúk, 68-73. 44 segundo falta zirela, Olesonek hirukoa sartu eta horren ondorioz kiroltasunik gabeko falta egin zion Mumbrúk Tomici. Amaieran, horrek puntu bakarra saskiratu eta hurrengo talde-erasoaren saiakera Mumbrú beraren eskuetan bukatu zuen.