Asteburu inportantea aurreko hau, une erabakigarrian bakoitzak lortutakoari erreparatuz. Bilbao Basketek primeran lehiatuz atera zuen haren partidua play-offak jokatzeko betekizuna hurbilago izanik. Bidaideak BSR-k ere haren partidua irabazi eta Murtzian jokatuko den Final Four-erako sailkatu da behin betiko. Ondorio larriegirik gabe galdu zuen GDKO Ibaizabalek igoera-fasearen aurreko azken partidua, eta Liga erregularraz harago joateko aukera eskasak ditu dagoeneko Santurtzik Ardoy liderraren kontra jasandako porrotaren ostean.
DOMINION BILBAO BASKET 101 – BALONCESTO SEVILLA 82
Aurrerapauso handia eman zuen atzo Bilbao Basketek Sevillari 101-82 gailenduta. Hara, irmo agertu ziren bilbotarrak hasieratik amaiera arte lehiatuz, eta besteak beste Raúl Lópezek beste behin erakutsitako talentuaz gozatuz.
BIDAIDEAK BILBAO BSR 74 – GRAN CANARIA 61
Odol hotzez kudeatu zuten norgehiagoka Txurdinagakoak Gran Canariari 74-61 irabazteko eta era horretan Murtzian titulua eskuratzen saiatzeko. Errenta txikiak neurriz maneiatzen jakin izan zuten Domingo Gilenak eta hirugarren laurdenetik aurrera areagotu ziren 10 puntutik gorago ordea.
CIUDAD DE LOS ADELANTOS 77 – GDKO IBAIZABAL 67
77-67 GDKO Ibaizabalek kontran sufritutako emaitza, honekin Liga Erregularra hirugarren postuan bukatuz. Kontuan hartzeko egoera, igoera-maila fasean aurkari batzuei edo besteei egin behar baitie aurre. Fase horretan sartzeko garaipena behar zuten Tenerifearrak, eta hala gogotsuago irten ziren. Ostera, lehen laurdenaren amaieran -9ko diferentziak eta hortik aurrera saskitik gertu ez asmatzeak bertan behera utzi zituen galdakaoarren asmoak.
SANTURTZI 55 – ARDOI 62
Zail dute santurtziarrak LEB Platan egoteko fasea jokatzea Ardoyren aurka 55-62 galdu ondoren. Oreka mantendu zuten bi taldeek ia denbora osoan, Adanen jokalariak errebotea kontrolatuz, galerak sortuz eta puntu bakaneko jaurtiketetan ere ongi arituz. Baina, ez zen nahikoa izan. Errenta urriez gozatzeko zortea izan zuten nafartarrek eta amaieran Ignacio Urtasun antolatzaile beteranoak erabaki zuen lehia. Laugarren da orain Santurtzi, Estela eta Piélagos garaipen bat gehiago dutelarik hiru jardunaldiren faltan.