Ez da uda erraza izan Zornotza Saskibaloi Taldearentzat. Babesle ezak sorturiko arazo ekonomikoek, zilarrezko LEB ligan egotea arriskuan jarri dute. Zuzendaritzak gogor egin du lan eta diru kontuak konpondu eta gero, talde lehiakorra antolatu dute.
Lehen pausua, Mikel Garitaonandia tekniko durangarra berritzea izan da. Iker Salazar eta Joseba Estalayo bizkaitarrek ere taldean jarraitzen dute. Iker oso jokalari fidagarria da eta Josebak hirugarren urtea izango du Zilarrezko mailan, bere helburua taldean garrantzia handitzea izango delarik. Aurten beste Bizkaitar bat batuko zaie, Juan Torres hain zuzen. Jokalari hau lehendik ere egona zen taldean.
Gainontzeko jokalariak berriak dira talde zornotzarrean. Etorkizun handiko Bilbao Basketera lotutako jokalariak daude, David Iriarte, 24 urteko Hegaleko Pibota, 2,05metroko altuerarekin eta Urrezko LEB mailako CB Prat taldetik dator. Daniel de la Rua da beltzezko gizonekin lotuta dagoen beste jokalarietako bat. Joko Antolatzailea da eta iaz Real Madrilen aritu zen. Azken jokalaria Vasilike Vicetic da, 207 zentimetro ditu eta Ominpija de Ljbljanatik dator.
Ipar Ameriketatik Greg Gantt dator. Espainian Urrezko LEB taldeko Palencian jokatutakoa da eta bere helburua ´3´ko postuan nabarmentzea da.
Azkenik, Ametx Zornotzak Juanchi Orellano antolatzaile hispano-argentinarra fitxatu du. Iaz Cambadosen aritu zen eta bere helburua defentsa lanetan laguntzea izango da beste zeregin batzuen artean.
Oraindik beste jokalari batzuk falta dira eta egutegiaren zozketa ere egin gabe dago, baina laster hasiko dituzte entrenamenduak. Irailaren 2an Larreako Kiroldegian ikusteko aukera izango da Bilbao Basketen aurka.