Bizkaiko hiriburua, 2020an lehiaketaren egoitza izan zen, nahiz eta atzenean lehiaketa ez zen bururatu; aurten, ordea, nazioarteko federazioak beren-beregi eskatuta, Bilbo berriro izango da lehiaketako hiru egoitzetako bat, atariko fasean.
Lau herrialdetako lau talde (alegia, Italia, Frantzia, Ingalaterra eta Turkia) lehiatuko dira, Bidaideak taldearekin batera, Txurdinagako kiroldegian, denek denen aurka jokatu beharko duten ligatxoan, eta han ebatziko da zeintzuk izango diren kontinenteko txapelketa nagusiaren final-laurdenetara igaroko diren biak.
Txapelketa barikuan hasiko da, 11:15ean, Bidaideak taldeak Amicacci Abruzzo taldearen aurka jokatuko duen partidarekin; Amicacci Abruzzo taldea, izan ere, beti izaten da scudettoa irabazteko lehian, eta superkopa ere irabazi berri du, eta bi titulu europar ditu irabazita dagoeneko.
Aurretik, baina, 11:00etan, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Udala ordezkatuz, eta Lorea Bilbao foru diputatua, Bizkaiko lurralde historikoko erakunderik gorena ordezkatuz, lehiaketa ofizialki inauguratzera abiatuko dira.
Lehenengo partida horren ostean, segidan, Hornet Le Cannet taldeak eta Galatasaray talde turkiarrak jokatuko dute partida. Eta, ostera ere, lehiatuko diren hurrengo bi taldeak berotzeko behar duten denboran (ez gehiagoan) geraldia eginik, Manchester Revolution Britainia Handiko taldea neurtuko da Amicacci Italiako taldearekin.
18:00etan, berriro izango da jokalekuan Bidaideak taldea, Galatasaray taldearen kontra jokatzeko bizkaitarren asmoetarako erabakigarria izango den partida. Turkiako supertxapeldunak (5 Champions irabazi ditu dagoeneko), aurrean izango du Bidaideak, bere etxean irabazteko gar ezin handiagoa izango duen taldea. Gogorarazi beharra dago turkiarrek azken segundoetan irabazi zietela bilbotarrei 2018ko Euroligaren finala, Txurdinagan bertan.
Bi ordu eta laurden geroago, jardunaldia amaitzeko, Manchester eta Le Cannet lehiatuko dira.
Zapatuan, berriz, maratoi bat izango da berriro; baina, gainera, turkiarrak eta italiarrak goizean goiz ibili beharko dira, zeren eta lehen partida goizeko 9:00etan izango baita.
11:15ean, Bidaideak taldea Le Cannetekin neurtuko da. Frantziako Ligako egungo txapelduna da Le Cannet, Kosta Urdineko taldea, zeina hamaikagarrena baita GgBren nazioarteko federazioaren sailkapenean, eta, iaz, eroso samar gailendu zitzaion Bidaideak taldeari, Champions Cup lehiaketaren 8. finalean, Erfurth-en (Alemania). Partida hori, beraz, ezin zailagoa izango da Adrian Yañezen mutilentzat.
Amaitutakoan, 13:30ean, Galatasaray turkiarrak eta Manchester britainiarrak lehiatuko dira elkarren artean.
Iluntzeko saioa 15:45ean hasiko da, eta frantsesak italiarrekin neurtuko dira, lehia estu-estuan, eta, ondoren, 18:00etan, lehiaketako azken partidan, Bidaideak eta Manchester Revolution lehiatuko dira. Ingalaterrako taldea hamabosgarrena da nazioarteko federazioaren garaileen zerrendan, eta dagoeneko historiko bat da Britainia Handiko lehiaketetan, eta beren artetik atera dira Britainia Handiko selekzioan dabiltzan jokalari asko eta asko ––bera da egungo munduko txapelduna–– .
Partida horren ostean, sariak eta dominak banatzeko ohiko protokolo-ekitaldia izango da, eta han izango dira, babesle eta antolatzaileak ez ezik, ekitaldian laguntzen duten hiru erakundeen ordezkariak ere: alegia, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.