Emakumezkoen Kadete maila
La Salle eta Loiola Indautxuren arteko partida, jardunaldi honetako partida aipagarriena genuen. Hasieran bata bestea zirikatzen egon ziren, saskiratze gutxi egon zirelarik. Etxeko taldeak gehiago asmatu zuen, barnealdeak aprobetxatuz. Andrea Angulok asko lagundu zion bere taldeari, bigarren laurdeneko hasieran +10eko abantaila lortuz.
Aurkariak erreakzionatzen saiatu ziren, baina ez zuten asmatzen jaurtiketetan, hein handi batean La Sallekoen defentsa bikainagatik. Ane Romero ere bikain zebilen, atsedenaldirako gutxi falta zenean hiruko bi sartu eta gero. Atsedenaldian 44-30 zegoen markagailua.
Erritmo bizia jarri zuen Loiolak atsedenalditik bueltan baina ez zituen bere aukerak aprobetxatzen. Talde Gorritxoko pibot batek bosgarrena jaso zuen hirugarren laurdenean. Etxekoek antolakuntza bikaina erakutsi zuten partida osoan zehar eta baliteke aurkariak baino urte bete zaharragoak izatea ere eragina izana. Partida 76-52 bukatu zen.
Andrea Angulorekin hitz egin genuen eta oso pozik zegoen bere talde berrian. Iñigo Totorika entrenatzaileak hitz onak zituen Andrearentzat, izan ere taldeari asko lagundu diezakeela aipatu zuen eta bere altuerari esker uztai azpian erabakigarria dela. Totorikak bi partidetan garaipena lortu izanaren garrantzia nabarmendu zuen eta lehen fase hau lehen 5 postuetan bukatzea espero du.
Gainontzeko partidetan, Gernikak 55-59 galdu zuen Easoren aurka lehen jardunaldian Loiolari 85 puntu sartu eta gero. Araski 41 eta 47 gailendu zitzaion Tabirakori eta Autocares Ulaciak, Kirolak Arabari 49-35 gailendu zitzaion.
Gizonezkoen Kadete maila
Bigarren jardunaldia eta gero talde bizkaitarrak sailkapenaren bigarren erdian ditugu, Loiola Indautxuku Grupo Zaher talde Azkoitarraren aurka irabazteko aukera izan zuen baina azkenean 65-66 irabazi zuten gipuzkoarrek. Unamunok bigarren partida ere galdu egin zuen, egungo txapelduna den Fundación5+11 taldeari aurpegia erakutsiz. Talde honen B taldeak Araberriren aurka jokatutako derbya 42-87 irabazi zion. Azkenik berri txarrak Take Iurre Taberna talde Durangarrari, izan ere Easo begiteken aurka 49-81 galdu zuen.
Emakumezkoen Junior maila
Gernika nagusi dugu multzo honetan Ibaeta Easori 45-58 irabazi eta gero. Jokalarien sendotasuna eta antolakuntza oso onak dira, ihazko jokalari berdinak mantendu eta gero. Beraien artean Ane Olaeta dugu, urtarrilean lehen taldearekin debutatu zuelarik. Tabirako ere bi garaipenekin dugu, Araskiri 57-42 irabazi eta gero. San Viatorrek eta Loiola Indautxuk ezin izan zituzten beraien partidak irabazi, Atletico eta Aranuren auka (53-66) eta (66-60) galdu eta gero.
Gizonezkoen Junior maila
Tabirako sailkapenaren buru dago bera bakarrik, izan ere lehen partida biak irabazi dituen talde bakarra da, azkena Ziorcontrol Getxosaskiri 38-85 gailenduz. Unamuno bigarren postuan dago nahiz eta jardunaldi honetan Fundación 5+11 taldearen aurka 69-65 galdu eta gero. Zarautz eta Hidraulics ISB talde azpeitiarraren aurkako derbi gipuzkoarra Zarauztarrek irabazi zuten 71-58. Araberri eta Easo Aitzgorriren aurkako partida etxeko taldeak irabazi zuen 77-75.