(Argazkiak: Dani Álvarez)
Harrigarria badirudi ere, estatu-eremuko txapelketetan partidu guztietan atera dira garaile bizkaitarrak, eta elkarren segidako bi asteburuetan gainera. Sorpresa eder eta atsegina Dominion Bilbao Basket-ekin hartutakoa: 88-70 irabazi zioten Miribillan Unicaja Málagako taldeari, ezbairik gabe ACB Ligako indartsuenetakoa. Erritmo eta intentsitate handiz garaitu zuten Gernika Bizkaiako neskek, 76-61, denboraldian seigarrena. Ametx Zornotzak, bere aldetik, 90-78 irabazi zuen Zaragozako Olivar taldearen kontra, era honetan, ondoz ondoko bigarren garaipena eskuratu dute eta sentsazio hobeak eskaintzen hasi dira. 59-54 izan zen GDKO Ibaizabalek Duran Maquinaria Ensinos-en kontra lortutako emaitza. Ez zen lan makala izan ordea; izan ere, luzapena jokatu behar izan zuten Estitxu Ibarretxeren neskek. Egun bigarren daude sailkapenean. Azkenik, azpimarratzekoa da Santurtziarren garaipena baita ere, 85-60 Baloncesto Venta Baños-en aurka. Norgehiagoka, hirugarren eta azkeneko laurdenetan erabaki zen batik bat, konplexutasun handiegirik gabe egia esatearren.