[box]Asteburu honetan, Leioako Kandelazubieta Kiroldegian antolatu den Emakumezkoen Lehenengo Mailako Fase Finalean, Quiron Leioak finalaurrekoetan kale egin zuen Donosti Basket Bera Beraren aurka (61-64), lehenengo posizioa erdietsi zuen taldearen aurka, hain zuzen ere. Igandean, talde horrek Zurt Taberna ISB taldeari (59-50) irabazi zion, eta horrenbestez, Emakumezkoen Liga 2-ra igotzeko Fasera sailkatu da Donostiar taldea.[/box]
Fase hau jokatu duen talde bizkaitar bakarrak ezin izan du lehenengo partidua irabazi, eta hori dela eta, Tabirako Baqué izango da bi aste barru jokatu den Emakumezkoen Liga 2-ra igotzeko Fasera joango den talde bizkaitar bakarra.
Finala: DONOSTI BASKET BERA BERA 59 – 50 ZURT TABERNA ISB
Igandean, beraz, final gipuzkoarra. Donosti Basket Bera Bera, Zurt Taberna ISB taldearen aurka; Tabirako Baqué talde bizkaitarrarekin batera Emakumezkoen Liga 2-ra igotzeko Fasera nor joango den erabakiko zuena. Partiduaren hasieratik Donosti Basket nagusi izan da, eta partiduan osoan zehar markagailuan aurretik joan da. Amaieran, donostiarrak 59-50 nagusitu dira.
Partiduaren hasieran, Iraurgik zailtasun ugari izan ditu Bera Beraren erasok erritmoa jarraitzeko, donostiarrek lehenengo sei minutuetan hiruko hiru jaurtiketa sartu baitituzte, hiruko marratik jaurtiketarik huts egin gabe. Horrez gain, joko antolatuagoa zeraman talde donostiarra, joko biziagoa eramanez. Jokoa Iraurgik eten zuen markagailuan 11-5 atzetik zihoazela. Gauza askorik ez zen aldatu, Bera Berak egiten zituen jaurtiketa gehienak barrura zihoazen eta horrez gain, hainbat kontraeraso aukera izan zituzten, aukera gehienetan kale egin zuten arren. Egoera horrek, eta jaurtiketa libreek Iraurgiri aldea murrizteko baliagarria izan zitzaien. Lehenengo laurdenaren amaieran, 16-11 Donosti Basket aurretik. Bigarren laurdenak lehenengoaren ildo beretik jarraitu zuen, Donosti Basketek erasoan eta defentsako aldaratzeetan nagusi zirelarik, partiduaren erritmoa euren beharrizanetara kudeatuz. Atsedenaldira, 34-21 heldu ziren, eta bazirdien talde donostiarra Fase honetako lehenengo posizioa erdietsiko zuela.
Markagailuan hurbiltzeko ahaleginak egin zituen Azpeitia-Azkoitiako taldeak atsedenaren ondoren, lehenengo bost minutuetan aldea gutxinaka murriztuz (39-30), baina erritmo aldetik momenturik onenean zeudenean, kontraerasotzen ari zirela epaileek adierazitako falta tekniko batek, bertan behera utzi zuen Iraurgi lortutako partziala, horren ondoren Bera Berak saskiratze bi lortu baitzutuen. Dena den, bizpahiru minutu igaro ondoren, laurdenaren hasieran mantendutako erritmora itzuli ziren, eta berriz ere markagailuan aldea murrizten hasi ziren. Aipatzekoa da momentu honetan Donosti Basketeko antolatzaileari laugarren falta pertsonala adierazi ziotela, eta horrek ere eragina izan zuela. Azken laurdenean, bost puntura ere jarri zen Zurt Taberna ISB, baina momentu oro talde donostiarra bost puntuko alde hori zaintzeko gai izan zen. Partidua amaitzeko minutu bat falta zela, dena erabakitzeke zegoen. 48 segundo eta baloiaren jabetza Iraurgiren alde (55-50), eta etxeko taldeak hutsartea eskatu zuen. Antolatutako jokaldia ez zen nahi bezala atera, eta aldaratzeagatik borrokatzen ari zirela, erasoan falta egin zuten. Horrek, jaurtiketa libre bi eman zizkion Bera Berari. Ez zuten hutsik egin eta garaipena donostiarren alde joan zen. Amaieran, 59-50.
1. finalaurrekoa: QUIRON LEIOA 61-64 DONOSTI BASKET BERA BERA
Quiron Leioak ezin hobeto hasi zuen partidua, amaieran finalerako txartela lortzerik izan ez zuten arren. Defentsa lanetan sendo aritu ziren, Donosti Basketek kostata aritu zen, eta ez zen batere erasoan eroso sentitu. Leioak defentsari esker, aurreratzen joan zen, kontraerasoean ere hainbat saskiratze lortuz. Lehenengo laurdenean, jaun eta jabe izan ziren leioztarrak, eta horrek markagailuan abantaila eman zien, 16-4 lehenengo laurdenaren amaieran. Bigarren laurdenean, aldiz, egoerak buelta egin zuen. Etxeko taldeak baloi ugari galdu zituen, eta lehenengo laurdenean abantaila handia eman zienak, defentsa lanak alegia, indarra galdu zuen. Hortaz, Donosti Basketek erosoago erasotu zuen, eta hiruko marratik min handia egin zuten, laurdenaren amaieran markagailua berdintzera helduz. Atsedenaldian, partidua hogeitaseina (26-26).
Aldageletatik bueltan, berdintasuna nagusi izan zen. Lehenengo laurdenean Luis Ledesmaren neskek izugarrizko lana egin bazuten eta bigarrenean Donosti Basketek erosoago sentitu bazen, hirugarrenean ez zuen inor alde handirik lortu. Donosti Basketek partiduaren erritmoa kudeatu gura zuen, eta laurden honetan horren jabe izatera heldu zen, nahiz eta leioztarrek eraso bikain biren ondoren markagailuan berriz ere aurretik jarri. Laurdenaren amaieran, Quiron Leioa bi puntu aurretik baino ez zen. Azken laurdenean, partidua orekatuta egon zen, baina taulapean talde gipuzkoarra sendoago zegoen. Alde batetik, gipuzkoarrek planteatzen zuten defentsa ez zion Leioari oztopo handirik jarri. Baina, bestetik, hiruko jaurtiketetan fin aritu ziren gipuzkoarrak. Partiduaren azken minutuera markagailuan berdintasun osoz heldu ginen, eta jaurtiketa libreak erabakigarriak izan ziren. Amaieran, talde gipuzkoarra 61-64 nagusi.
2. finalaurrekoa: ATLETICO SN. SN. 54-65 ZURT TABERNA ISB
Bigarren finalaurrekoa hasi baino lehen bagenekien finala gipuzkoara izango zela, baina ez genekien Donostiako beste talde bat edo Azpeitia-Azkoitiako taldea sailkatuko zen. Partiduaren hasieran Atletico SN. SN. taldeak hainbat kontraeraso amaitu zituen, baina Iraurgiren joko irmo eta landuak markagailuan aurreratzera eraman zuen. Lehenengo laurdenaren amaieran, 14-18, Zurt Taberna ISB aurretik. Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitu zuen, eta lehenengo laurdenean Iraurgik aurreratzea lortzen bazuen, bigarren laurden honetan Atleticok aldea murriztea lortu zuenn, atsedenaldira markagailuan puntu bat atzetik heldu arren (31-32).
Lehenengo zatiko berdintasuna hautsi zuen aldageletatik bueltan Azpeitia-Azkoitiako taldeak, defentsa lanak gogortuz eta Atleticori hainbat baloi galtzera behartuz, eta horren ondorioz, izugarrizko partzial bat eskuratuz (31-40). Bazirudien Zurt Taberna ISB taldeak partidua hautsi beharra zuela, edo hori egiteko gai zela bederen. Baina, Atleticok ez zion partiduari ihes egiten utzi nahi, eta hiruko marratik aldea murrizten joan ziren, markagailuan aurretik jarri arte (42-41). Laurdenaren azken minutuetan Iraurgik saskren bat edo beste sartu zituen, berriz ere markagailuan aurretik jarriz, eta hirugarren laurdenaren amaierara (42-45) helduz. Azken laurdenaren hasieran, Iraurgik atsedenalditik bueltan lortutakoa errepikatu nahi zuen, eta saskiratze bi lortuz, markagailuan aldea pixkanaka areagotzea lortzen zuen, 42-49. Atletico SN. SN. taldeak lan izugarria egiten ari zen, denbora guztian Iraurgik lortzen zituen aldeak murriztuz, eta oraingoan ere, bi puntura jartzea lortu zuten, 47-49. Baina momentu horretatik aurrera, Iraurgik aurrera pausoa eman zuen, defentsako lanari esker hainbat kanasta lortuz, pixkanaka puntuak gehituz. Azkenean, Atleticok egindako ahaleginak ez zuten ezertarako balio, Iraurgi az¡skoz hobeto jokatu baitzituen azken minutuan. Amaieran, 54-65.