[box]Zornotza ST-k EBAn jokatuko du 17/18 denboraldia. Ez dago atzera bueltarik. Ez du dagokion kirol merituengatik dagokion Zilarrezko LEB mailan jokatuko ezta autonomia edo lurralde mailako multzo baten ere, izan ere Zilarrean izena emateko dokumentazio emateko eran izandako akats batek hori ekarriko luke. Bukatu da amesgaiztoa eta orain taldea osotu beharra daukate ahalik eta azkarren.[/box]
60 urteko historian izan duen udarik zailena izan du talde Zornotzarrak. Zornotzan eta Bizkaian Urrezko LEB mailarako play-offekin sortutako ilusio berezi hori amesgaizto bihurtu zen uztail amaieran bidalitako dokumentazio batek Zilarrezko LEB mailatik kanpo utzi ziotenean. Espainiako Federazioak plaza hori berehala bete zuen eta Zornotza errekurtsorako aukera gabe geratu zen.
Kirol Kontseilu Gorenera jo zuten eta honek ia hilabete behar izan zuen ebazteko. Irailean sartuta Kirol Kontseilu Gorenak ez zuen zornotzarren errekurtsoa onartu. Momentu horretan ohiko justiziara jo zuten eta bertan etetea eskatu zitzaion Auzitegi Nazionalari, honek azken aste honetan ezezkoa eman duelarik. Paraleloki Espainiako Saskibaloi Federazioko Batzorde Delegatuak epe berri bat zabaldu zuen EBAko 3 plaza betetzeko A multzoan eta hor aurkitu du tokia Zornotzak.
Joxe Etxebarria, presidente Zornotzarren hitzetan, EBA ligan jokatzeak ez ditu gure helburuak betetzen: “ Ez gara EBAko izen ematearekin konformatzen. Etxeko gainontzeko taldeentzat goi mailan talde erreferente bat izatea eta Bizkaia eta Amorebietan talde erreferente bat izatea garrantzitsua da baina guk gurea dena lortzeko borrokan jarraituko dugu zelaian eta auzitegian. Gure ustez, taldea, herria, lurraldea eta zaletuak zilarrezkoak dira eta han izan behar dute”.
Jokalari bizkaitarrak galdu eta gero taldea osatu beharra ez da erraza izango. Argi dago taldea horren azkar osotu beharrak kalte egingo diola baina Etxeberriak ez du denborarik galtzeko “ Denboraldia asteko 4 asteren faltan oso zaila da taldea fisikoki, teknikoki eta taktikoki prestatzea, ezta jokalariak fitxatzea. Ez ditugu gainontzeko baldintza berdinak baina gure aukera izan da maila horretan izena ematea. Berria jaso eta berehala lanean hasi gara ahalik eta talde lehiakorrena sortzeko helburuarekin”.
Zornotza honen buruan Mikel Garitaonandia izango da “ lehendabiziko minutuetatik arazoekin hasi ginen baina proiektu honekiko konpromisoa hartu genuen, geunden mailan geundela. Proiektu honek duen onena teknikoen alboan dauden pertsonak dira, Fernando eta Julen, gugan sinistu eta berton geratu direlarik”, esanez bukatu du hitzaldia Zornotza ST taldeko presidenteak.