Bizkaiak lurraldeko kirol-sarea bildu du euskara sustatzeko duen konpromisoa aintzatesteko ekitaldi batean

Bizkaiak lurraldeko kirol-sarea bildu du euskara sustatzeko duen konpromisoa aintzatesteko ekitaldi batean

(ARGAZKIA: EUSKARA, KULTURA ETA KIROL SAILA)

Bizkaiko Foru Aldundiak kirol klub eta federazioei kirol arloan euskara sustatzeko egindako lana aintzatesten die eta horien artean egon zen Bizkaiko Saskibaloi Federazioa. Foru-erakundeak eta lurraldeko kirol-erakunde nagusiek aurrera egiten jarraitzen dute Bizkaiko hizkuntza-normalizazioan, kirolaren esparru guztietan euskararen presentzia eta erabilera sustatuz. Bizkaiko Foru Aldundia, mankomunitateak, udalerriak eta kirol-klubak eskualdeka bildu dira azken urtean, BIKKE proiektuaren irismena zabaltzeko.

Bizkaiko Foru Aldundia eta lurraldeko kirol-sarearen ordezkaritza handia bildu dira gaur arratsaldean Bizkaia Frontoian egindako ekitaldian, BIKEE, Bizkaian Kirolean Ere Euskaraz programa sendotzeko egindako lana aitortzeko.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Lorea Bilbao Ibarra, izan da Bizkaiko kirol arloko ehun ordezkarik baino gehiagok parte hartu duten ekitaldiko burua.  Modalitate eta diziplina desberdinetako Lurraldeko hogeita hamar bat klub, federazio eta kirol elkartek kirol arloan euskara sustatzeko egindako lana aitortzeko Foru Erakundeak emandako lekukoa jaso dute.

Diputatuak Bizkaiko federazioen eta kirol kluben ekarpena agerian utzi du eta kirol sare bat, eta azken finean, gero eta elebidunagoa den gizartea lortzeko egin duten lana aitortu du. Bilbao Ibarrak bakoitzak bere esparrutik euskararen normalizazioan lan handia egin duela aitortu du eta zeregin horretan urrats sendoak ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. “Gaur, Bizkaiko kirol-ehunak euskalduntze-prozesuan ere erreferente gisa egiten duen lana aitortu eta balioetsi nahi dugu”. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu eta lagundu du lurraldeko kirol sarean euskararen presentzia areagotzeko prozesu honetan, baina Bilbao Ibarraren arabera, “zuek zarete benetan lehen lerroan zaudetenak. Hau guztia federazio eta kluba, kirolari eta staff teknikoaren artean lortzen ari zarete; ekarpen handia egiten diozue Bizkaiari”.

Foru-erakundeak eta kirol-sareak aurrera egiten jarraituko dute BIKEE programa lurralde osora hedatzeko, baita, euskararen presentzia kirolaren esparru guztietan errealitate izan dadin, gero eta neurri eraginkorragoak finkatzen eta bultzatzen ere. Foru Erakundeak hizkuntza-normalizazioaren arloan lanean jarraitzen du, eta aurrera egiten du kirolaren arlo guztietan euskararen presentzia sustatzeari dagokionez. Lurraldeko klubak BIKEE programaren parte izan daitezen Foru Erakundeak Bizkaiko eskualdeetan aurkeztu du proiektua. Proiektuaren aurkezpena hainbat azalpen-topaketatan egin da, eta horietan 24 alkatek eta 61 zinegotzik hartu dute parte. Era berean Aldundiak lan-mahaiak eratu ditu euskara eta kiroletako teknikariekin eta klubetako ordezkariekin.

BIKEE Programa

Programa honen helburu nagusia Lurraldeko kirol-sarean euskararen presentzia areagotzea da, izan ere, kirola, garapen integraleko tresna izateaz gain, euskararen aurrerabiderako eta normalizaziorako aukera eremua ere badelako. BIKEEk kirolaren bidez  euskararen erabilera soziala sustatzen du, adin txikienetatik, eta erabilera horri jarraipena ematen dio kiroleko prestakuntza-ibilbide osoan, gizarte osoari euskararen erabilerarako eta ikusgarritasunerako espazio bat eskainiz.

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak