Ahaldun nagusiak Bizkaiko kirol ordezkaritza bat hartu du gaur arratsaldean Foru Jauregian, tartean Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidentea, Bizkaia Kirolurren hasierako ekitaldi ofizialean.
2026a urte historikoa izango da Bizkaiko kirol-sistemarako, ACES Europek Europako Kirol Lurralde izendatu ondoren. Bizkaia Kirolur lelopean, ekitaldi handietatik harago, egunero-egunero jarduera fisikoa egitea ahalbidetzen duen kirol-sarea benetako protagonista izango duten hamabi hilabete bizitzeko prestatzen ari da lurraldea.
Urtean zehar, Bizkaiko kirol-sistema osatzen duten pertsona eta eragile guztien —klubak, federazioak, teknikariak, boluntarioak, familiak, kirolari profesionalak eta oinarrizko kirolariak— lana aitortu eta eskertu nahi da, bai eta Bizkaiko Foru Aldundia azken urteotan lantzen ari den mezua indartu ere: kirola oso garrantzitsua da gure bizitzan, bizitzako etapa guztietan eta pertsona guztientzat, edozein dela ere haien adina, generoa, gaitasuna edo egoera sozioekonomikoa.
Egutegiaren barruan izan ohi diren kirol-lehiaketa, -proba eta -ekitaldiez gain, Bizkaiak jarduera-programa espezifiko bat izango du 2026an, izendapen hori ospatzeko eta Bizkaia Kirolur ezagutzera emateko, herritarrei zein kanpokoei.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi duenez, aurten, pertsona guztiak kirol-jarduerara hurbiltzeko jarduerak bultzatuko dira, edozein izanik ere haien egoera. “Kirola jarduera fisiko osasungarri gisa ulertzen dugu, ongizate fisiko eta emozionala ematen duena, baina, batez ere, harreman sozialak eta komunitatea eraikitzen dituena. Horregatik, Bizkaiak aurten Kirolaren Europako Lurralde gisa duen titulua, beste ezeren gainetik, hori posible egin duten milaka pertsonen aintzatespena da.”
Jardueraz eta aintzatespenez betetako urtea
Urtea urtarrilean hasiko da, Bizkaia Kirolur 2026 ofizialki aurkezten zaienean lurraldeko udalei eta teknikariei, kirolaren arloan estrategiak lerrokatzeko, indarrak batzeko eta erakundeen arteko lankidetza-sare bat finkatzeko.
Gero, otsailean eta martxoan, dagoeneko finkatuta dauden hitzorduen edizio bereziak egingo dira, hala nola Bizkaialde Gala eta Bizkaia Kirolak Sariak. Aurten, Bizkaiko kirolaren atzean dagoen ahalegin kolektiboaren aintzatespenean jarriko dute arreta, oinarritik hasita eliteraino.
Garrantzi berezia izango dute, halaber, eskola-kiroleko finalek, txikienek jarduera fisikoa egitea sustatzea oraindik ere Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren zutabeetako bat baita. Final horiek bizi-ohitura osasungarriei, berdintasunari eta joko garbiari buruzko funtsezko mezuak indartzeko baliatuko dira.
Jardueren egutegia
Ia hilero kirol-jarduera berezi bat egingo da lurraldean. Hauek dira programatutako ekintzetako batzuk:
1. Pasa Baloia Neska emakumeen futbol-txapelketa
2. Bizkaiko eskola-kiroleko finalak
3. Munduko kirolak
4. Udako eta neguko Kirol Jaiak
5. Deiadar-mendiak
6. Egokirol jaia (kirol egokituaren jaia)
7. Marka Hautsiz (errelebokako maratoi erdiko munduko errekorra)
8. Bizkaiko udaletako kirol-arduradunen topaketa
9. Bizkaiko udalerrien arteko kirol-liga
10. Emakumeak Bizkaiko Gailurretan (Bizkaiko Mendizale Federazioa)
11. Nagusilariak: adineko aktiboen astea.
Bizkaia Kirolur 2026 programari, jardueren egutegiari eta parte hartzeko moduei buruzko informazio eguneratu guztia www.bizkaiakirolur.eus webgunean eta sare sozialetan (Instagram edo TikTok, adibidez) eskuratu ahal izango da.











