IX. “ Barakaldo Hiria” Nazioarteko Saskibaloi Torneoaren aurkezpena

IX. “ Barakaldo Hiria” Nazioarteko Saskibaloi Torneoaren aurkezpena

[box] Gaur, Uztailak 5, “Barakaldo Hiria” Nazioarteko Saskibaloi Torneoaren aurkezpena burutu da. Lasesarre Kiroldegian ospatuko den torneo honetan Errusia eta Espainiako U19 selekzioak eta Euskadiko Selekzio Absolutuak hartuko dute parte. Torneoa triangular erara jokatuko da uztailaren 7,8 eta 9an.  [/box]

IX. “Barakaldo Hiria” Nazioarteko Saskibaloi Torneoaren aurkezpena gaur goizean burutu da Barakaldoko Udaletxean. Bertan izan dira   Gorka Zubiaurre Jn, Barakaldoko UKE-ko Presidentea, Germán Monge Jn, Euskadiko Saskibaloi Federazioko Presidentea,  Koldo Mendia Jn , Bizkaiko Saskibaloi Federazioko Presidentea , Mario López Jn, Emakumezkoen Euskal Selekzio Absolutuko Hautatzailea eta  Yaiza Lázaro And, Emakumezkoen Euskal Selekzio Absolutuko jokalaria.

Hitza hartzen lehena Gorka Zubiaurre Jn izan da, berak adierazi duenez, “aukera bikaina da emakumezkoen goi mailako kirolaz gozatzeko. Euskal Selekzioak oso selekzio indartsuak izango ditu aurrean. Emakumezko kirolari bultzada emateko aukera paregabea dugu Barakaldoko Lasesarre Kiroldegian, sarrera dohainik izango da gainera”.

Jarraian Germán Monge jaunak Nazioarteko Txapelketa honetan parte hartuko duen Euskal Selekzioari buruzko gakoak azaldu ditu. “ Lehen mailako kirol ekitaldia dugu eta gure selekzioak bi selekzio handi izango ditu aurrean. Espainia Europako rankingeko lehen postuan dago eta bigarren mundu mailakoan eta Errusia ere lehen bost postuetan dago”.

Euskal Federazioko Presidentearen hitzetan “ guretzako ohore eta ilusio handia da maila honetan lehiatzea. Partidu hauei esker gure selekzioak erakusleihoan egoteko aukera paregabea du. Mundu guztiari animatu nahi diogu Lasesarrera hurbiltzera. Hemendik Barakaldoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lehiaketa hau posible izan dadin egindako lan guztia goraipatu nahi du”.

Mongek Torneo hau U18 bezala jaio zela gogorarazi du eta Euskal Selekzio Absolutuaren parte hartzearekin Senior Mailako torneo batean bilakatu dela . Gizonezko-Emakumezko alternantzia ere nabarmendu du, izan ere Europa osoan formula hau erabiltzen duen bakarra da. “Europa osoan hitz egiten da Barakaldoko Nazioarteko Txapelketaz eta gure helburuetariko bat hori zen, hiri honek elitezko fidelizazio kirolarengandik egiten duen esfortzua aitortzea”.

Koldo Mendiaren  hitzetan “ohorea da guretzat Barakaldoko Hiria Txapelketa hau ospatzen jarraitzea. Gure instituzioen laguntza oso garrantzitsua da txapelketa hau erreferente izaten jarraitzeko. Bizkaiko zaletuek partidu onez gozatzeko aukera dute. Zaletuei Euskal Selekzioa animatzera gonbidatzen diegu, ea partidu bate do bi irabazten dituen”.

Euskal Selekzioko hautatzailea den  Mario Lópezek,  bere postuan Europako jokalaririk onenetarikoa den bat ikusteko aukera izango dutela adierazi du. “ María Vadeeca oso jokalari garrantzitsua izan da pasa den Euroligan eta ez dut zalantzarik etorkizunean Europako Jokalaririk onena izango dela. Hurrengo Mundialean ikusiko den barneko jokalaririk onenetarikoa izango da”.

Selekzio biak 10 egun daramatzate  saio bikoitzean entrenatzen eta “ gu baino maila altutxoagoan egongo dira”. Espainiako selekzioari dagokionez, “ Errusiarrekin zerikusirik ez duen selekzioa dugu”. “Oso defentsa oldarkorra du eta oso zaila izango da irabaztea. Guztiz ezberdinak diren bi estilo ikusiko ditugu, bat barne jokoan oinarritua eta bestea azkartasunean. Guk  12 jokalari batu ditugu. Entrenamendu batzuk burutu ditugu eta zentzazio onak ditugu. Agian ez dugu altura asko baina gogoa eta esfortzua soberan izango dugu. Dena emango dugu eta ez dugu baztertzen partiduren batean garaipena eskuratzea”.

Azkenik Yaiza Lázaro, Euskadiko Selekzio Absolutuko jokalariak adierazi duenez, “ sari bat da niretzat Euskadiko Selekzioarekin jokatzea”. “ Maila honetako selekzioen eta mundu mailako jokalari bikainen aurka jokatzea oso ondo dago. Ohore bat da torneo honetan gozatzea eta berarentzat hautatua izatea”

IX Barakaldo Hiria Torneoa uztailaren 7an hasiko da Errusia eta Espainiaren arteko partiduarekin (20:00etan). Euskal Selekzioak larunbatean jokatuko du 20:00etan Errusiarren aurka. Triangular erara jokatuko den torneo hau Uztailaren 9an bukatuko da Espainia eta Euskadiren arteko lehiarekin. Partidu hau 12:00etan hasiko da. Barakaldoko Lasesarre Kiroldegirako sarrera dohainik izango da.

Torneoak kirol interes handia piztu du, izan ere Udinen (Italia) uztailaren 22 eta 30 bitartean ospatuko den Munduko U19F Kopa ospatzeko 15 egun falta direnean jokatuko da. Espainia eta Errusiako selekzioak Italiako Txapelketan izango dira. Selekzio hauek zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituzten Europako U18F Txapelketan, beraz IX. Barakaldo Hiria Torneoko maila oso altua izango da.

Espainiako Selekzioak Miguel Ángel Ortega du entrenatzaile bezala. Aurten Emakumezkoen Liga eta Kopa irabazi ditu. Iris Juno kanariarra kontuan hartu beharreko jokalaria izango da. Itziar Ariztimuño bizkaitarra, Sara Iparragirre (IDK Gipuzkoa) edo Irati Etxarri (Lacturale Araski) euskaldunak ere Espainiako Selekzioarekin lehiatuko dira.

Errusiarrei dagokionez, iazko  Europako U18 Txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen belaunaldi honek. Raisa Musina eta Kamilla Ogunek duten barneko kalitatea garrantzitsua izango da beraientzat. Euskal Selekzioak gehienbat Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoako jokalariez osoturik egongo da, eta aurrenezko senior selekzioarekin jokatuko duten kideak izango ditu.

PARTIDUEN ORDUTEGIA

OSTIRALA UZTAILAK 7

20 etan: ERRUSIA – ESPAINIA

LARUNBATA UZTAILAK 8

20 etan: EUSKADI – ERRUSIA

IGANDEA UZTAILAK 9

12 etan: ESPAINIA – EUSKADI

 

Partekatu berri hau

Lotutako albisteak

Sare Sozialak