[box] Errusiarrak, Maria Vadeevaren gidaritzapean -14 puntu, 6 errebote, 3 asistentzi eta 23ko balorazioarekin- Migel Angel Ortegak entrenatutako taldea menderatzea lortu du, taulapean erakutsi duten erakustaldiari esker. Bihar, Euskal Selekzioaren txanda izango da, gaur irabazle izan diren errusiarren aurka (20:00etan). [/box]
Garaipen erosoa erdietsi du Errusiak Espainairen aurka Barakaldo Hiria Saskibaloi Txapelketa Internazionaleko lehen jardunaldian. Gaurkoan U19ko bi selekzioak aritu dira, eta biak dira hiruko txapelketan Euskadiren aurkariak. Gaur arratsaldeko partidan jendearen harrera ona izan da, eta Lasesarrera hurbildu direnek ezin izan dute partida berdintsu batekin gozatu.
Kovalevek entrenatutako neskek partida lehen minutuetan apurtzea lortu dute, eta apurka-apurka aldeak handitzen joan dira, hein batean taulapean izan duten nagusitasunarengatik. Horrela, eroso izan dira errusiarrak, eta espainiarrek ezer gutxi egin ahal izan dute.
Guztien gainetik Maria Vadeeva gailendu da, izan ere espainiarrek ezin izan dute gelditu. Zenbaki politak lortu ditu, 14 puntu, sei errebote eta hiru asistentzi lortuz. Bera aulkian zela baliatu dute espainiarrek markagailuan apur bat hurbiltzeko.
Partida erritmo baxuarekin hasi bada ere, errusiarrek lortu dute markagailuan aurrea hartzea, Maria Vadeevak lortutako 0-6eko partzialari esker. Lehenago, IDK Gipuzkoako Maria Erauncetamurguilek sustoa eman du, aldaketa eskatuz, baina azkenean ezerezean geratu da, bigarren laurdenean berriz ere zelaira itzuli baita.
Errusiarrek euren defentsa ezartzea lortu dute, eta Miguel Angel Ortegaren neskek zailtasun handiak izan dituzte saskira begiratzeko, eta are gehiago jokoa sortzeko, atsedenaldira soilik bi asistentzi eman dituzte espainiarrek. Errusiarren nagusitasuna hain nabarmena izan da, balorazioan esaterako 0-26 gailentzen ziren errusiarrak.
Bigarren laurdenean, errusiarrek ez dute erritmoa jaitsi, eta zelai guztian korrika egiten hasi dira, nahiz eta espainiarrek zelai guztian presionatu. Irati Etxarri izan da espainiarren partetik ilusio pixkat ipini duena, eta berari esker Ortegarenak 11-19ko emaitzara hurbildu dira.
Hau, ordea, ezerezean geratu da, izan ere atsedenaldirako 5:58 minuturen faltan, errusiarrak 15-30 aurretik ziren, eta espainiarren defentsa hobetu arren, errusiarren nagusitasuna mantentzen zen, atsedenaldira 17-38ko emaitzarekin helduz. Vadeeva izan da lehen zatiko izarra (10 puntu eta 4 erreboterekin 15 puntuko balorazioa lortuz.
Bigarren zatian, errusiarrek erritmo berarekin jarraitu dute, eta espainiarrek aldeak murriztea lortu dute azken laurdenean, jada bi taldeak errotazioekin zirenean. Horrela, azken laurdenean espainiarrak nagusitu dira 21-14ko partzialarekin. Euskal jokalariei dagokionez, Maria Erauncetamurguilek eta Irati Etxarrik hurrenez-hurren 5 eta 8 punturekin amaitu dute partida.
Bihar, larunbata, Mario Lopezek entrenatzen duen Euskal Selekzioaren txanda izango da. Bertan errusiarren aurka lehiatuko dira (20:00etan), eta Txapelketa igandean amaituko dute Espainiaren aurka 12:00etan lehaituz.