ARGAZKIA: acb Photo – Aitor Arrizabalaga
Jaume Ponsarnauk zuzendutako mutilek erraz gainditu zuen UCAM Murcia eta Kopan egoteko aukerak mantentzen dituzte. Lehen itzuliko azken jardunaldia Tercera FEB eta LF2 ligetan: denboraldiko lehen porrota Teknei Bizkaia Zornotzarentzat eta kolidergoa Ibaizabalentzat.
SURNE BILBAO 96 – UCAM MURCIA 82
Gabonetan, bilbotarrek bi porrot jarraian jaso zuten Miribillan. Baina larunbatean, bizkaitarrek jaso zuten ordaina, garaipen bikainarekin Sito Alonsok zuzendutako taldearen aurrean. Frey-Jaworski bikoteak 8 hiruko eta 46 puntu saskiratu zituen eta Surne Bilbaok 20 puntuko aldea (77-57) izan zuen hirugarren laurdenean. 7-8ko balantzea bilbotarrentzat, Kopa jokatzeko aukerak mantentzeko.
HOZONO GLOBAL JAIRIS 91 – LOINTEK GERNIKA 73
Lucas Fernandez-ek zuzendutako neskek ezin izan zioten jarraitasuna eman Malosten lortutako garaipenari (liderraren aurka) eta Alcantarillan galdu egin zuen, bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Bizkaitarrek bere aurkariaren eraso erritmoari eutsi egin zioten lehen zatian (45-38), baina ez zuten aukerarik izan hirugarren laurdenean (26-16). Playofferako postuak ihes egin dira, bi garaipenera.
IBAIZABAL 67 – ROBLES LLEIDA 60
Galdakaoko taldea B multzoaren koliderra da, lehen itzuliko amaieran. Txutxi Solarren neskek hamaikagarren garaipen eskuratu zuten eta 3 partidako aldea dute bosgarren postuarekiko. Urretan, azken minututura arte itxaron behar izan zen garaipena ixteko. 58-57ko emaitzarekin, Ibaizabalek bi puntu besterik ez jaso zituen lau minututan.
TGN BASQUET 62 – HORBISA SPIRIT GREENKW BARAKALDO 70
Aritz Durok zuzendutako nesken garaipen batekin itxi zuten txapelketako lehen itzulia, azken postuan dagoen taldearen kantxan. Baina barakaldotarrek asko lan egin behar izan zuten bigarren zatian, atsedenaldira 5 puntu atzetik joan ondoren (38-33). Defentsatik iritsi zen erreakzioa eta bizkaitarrek epaia eman zioten partidari 0-7ko partzialarekin (56-65).
DE MORRO FINO CANTBASKET 84 – TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA 79
Lehen itzuliko azken jardunaldian iritsi zen denboraldiko lehen porrota bizkaitarrentzat, liderrak direnak alde erosoarekin. Hasiera kaskarra (28-14) eta atzetik partida osoan zehar. Pixkanaka pixkanaka Zornotza hurbildu zen: 44-37ko emaitza atsedenaldian eta 54nako berdinketa hirugarren laurdenean. Eta laugarrenean, aurretik, 64-66. Baina etxeko taldeak 5 hiruko jarraian saskiratu zuen eta gero ez zuen aukerarik eman libre marratik..
UNIVERSIDAD DEUSTO LOIOLA INDAUTXU 73 – CAJA RURAL ZAMORA 70
Indautxuko taldeak denboraldiko seigarren garaipena lortu zuen (bigarren erreskadan). Berdintasun handia protagonista da A-A multzoan: 9 talde partida bateko aldean daude. Bizkaitarrek erremontada bikaina sortu zuten, 8 puntu atzetik zihoazelako azken laurdenaren hasieran eta 6 atzetik 5 minuturen faltan. Une horretan, 11-0eko partziala ikusgarria (76-65) eta garaipena.












