(ARGAZKIA: ACB Photo/Á. Pérez)
Estatu mailako lehiaketetan dabiltzan gure taldeek denetarik eman digute asteburu honetan. RETAbet Bilbao Basket taldeak 80-76 galdu zuen Iberostaren aurka eta Morabanc-en garaipenarekin play-offak asko urrundu zaizkie. Play-offetara sailkatua dagoena Zornotza da, asteburu honetan bi aldiz Carrefour “El Bulevar” taldeari irabazita finalerdietan dagoelarik. Zornotzarren hurrengo aurkaria Granada izango da. Santurtzik agur esan dio denboraldiari, Azken Faseko finalerdietan COB taldearen aurka bigarren luzapenean galdu eta gero.
IBEROSTAR TENERIFE 80 – RETABET BILBAO BASKET 76
Asko zaildu zaio RETAbeti play-offetara sailkatzea, Tenerifen 80-76 galdu eta gero. Boladen araberako partidua izan zen eta Iberostarrek 4 minuturen faltan lorturiko 7-0eko partziala erabakigarria izan zen markagailuan 68-59koa ezarri eta Bilbotarren ahaleginak ezerezean uzteko.
AMETX ZORNOTZA 74 – CARREFOUR ‘EL BULEVAR’ DE ÁVILA 69
Ametx Zornotzak Urrezko LEB mailara igotzeko borrokan jarraitzen du kanporaketan 3-1 nagusitu eta gero. Giro bikaina izan zen Larrean eta Mikel Garitaonandiren mutilek hirukoen aldeko apustua egin zuten, hasieratik abantaila hartuz 13-8. Avilakoak eutsi egin zioten baina zornotzarrek bere horretan jarraitu zuten 28-19 eta 36-29ko aldeak ezarriz. Batzuek eta besteek gogor jarraitu zuten eta etxekoek 10 puntuko abantaila galdu zuten. Bi minuturen faltan 68-67 zegoen markagailua eta berdeei gauzak zail jarri zitzaizkien. Vuceticek odol hotza erakutsi zuen azken minutuetan eta horri esker garaipena Zornotzan geratu zen.
CALIDUS GALLEGO COB 91 – SANTURTZI SK 87
Santanderreko Albericia pabilioian ospatzen zen COB eta Santurtziren arteko Azken Faseko finalerdia erabakitzeko bi luzapen behar izan ziren. Berdintasuna izan zen nagusi 50 minututan zehar. Santurtziarrek garaipena eskuan izan zuten. Joseba Iglesias partidako jokalaririk onenetarikoa izan zen. 73-73ko berdinketarekin moreek garaipena eramateko jaurtiketa libreak huts egin zituzten. Errebotea Iglesiasentzat izan zen eta ez zuen asmatu, horrek partidua luzapenera eraman zuelarik. Lehen luzapena bukatzeko 6 hamarreko falta zirenean Iglesiasek jaurtiketa libre bat huts egin zuen, nahiz eta larunbateko jardunaldian 10/12 lortu 4,60tik. Horren ondorioz bigarren luzapena jokatu zen eta hemen Santurtziarrak ez ziren gai izan garaipena eskuratzeko.