(FOTOS: Juan Armentia)
Pasa den ostiraletik igandera bitartean, gurpil aulki gaineko saskibaloiko Europako jokalari onenak izan ditugu Txurdinaga eta Lasesarreko kiroldegietan. Festa borobiltzeko David Mourizen hirukoa sartzea beharrezkoa zen baina huts egitearen ondorioz garaipena Galatasaray turkiarrentzat izan zen. Bidaideakek pozik egoteko arrazoiak ditu, izan ere zaletuek eta komunikabideek bikain erantzun dute eta beraien kirol gai mailakoa dela erakutsi dute.
Bilbotarrek finalerdietara heltzea zuten helburu baina urrun iritsi ziren. Euroligako Azken Faseko debutean, Esteban Nuñezenek 69-51 irabazi zioten Sitting Bulls taldeari. Arratsaldez London Titans izan zuten aurkari eta bilbotarrek ia hasieratik gauzak argi jarri zituzten, 9-18 lehen laurdenean. Amaieran 38-69.Multzoko lehen postua Galatasarayrekin jokatu zuten eta gauzak ezin hobeto irten zitzaizkien Txurdinagakoei. Partidu hasieratik aurretik izan ziren baina turkiarrak ez zeuden amore emateko prest. Amaieran Bilbotarrak hobeto aritu ziren eta erabakigarria izan zen azken garaipenerako, 77-80.
Finalerdietan The Owls izan zuten aurkari eta bizkaitarrek hirugarren laurdenean lortu zuten beraien alde ekartzea partidua, 28-16ko partzial bati esker. Amaieran 73-59. Igandeko finaleko aurkaria beste finalerdiko irabazlea izan zen, Galkatasaray, Besiktas Marineri 62-51 irabazita.
Europako titulua lortzeko final handian talde turkiarrak eraginkortasun handia erakutsi zuen baina Bidaideakek defentsan lan ikaragarria egin zuen eta atsedenaldira partidu berdinduarekin iristea lortu zuen. Azken laurdeneko lehen jokaldian aurretik jartzea lortu zuten 53-51. Jaurtiketa libreak erabakigarriak bilakatu zuten eta hori hasi zitzaion garaipena aldentzen Bidaideaki. %50eko asmatzea izan zuten eta bi segundoren faltan huts egindako hiruko batek ez zuen errebote aukerarik ekarri eta Galatasaray txapeldun bilakatu zen (71-73).