Euskal Ligen bigarren jardunaldiak ez du poztasun askorik ekarri. Loiola eta Gernikak garaipena lortu dute Emakumezko Juniorretan baina Emakumezko Kadeteetan ez da garaipenik egon. Gizonezkoei dagokionez, Loiola Indautxuk Junior mailako derbia irabazi zuen eta Kadeteetan ez zen garaipen bizkaitarrik egon.
EMAKUMEZKO JUNIORRAK
Talde bizkaitarrak hobeto ibili diren maila izan da hau, 3tik 2. Loiola Indautxu Funbide baino hobea izan zen, batez ere bigarren zatian. Bilbotarren perimetroak bikain funtzionatu zuen eta hirugarren laurdenerako dena erabakita zegoen. Amaieran 81-60. Gernika KESB taldeak ere garaipena lortu zuen Electro Alavesa Araski Ointxe taldearen aurka 73-71. Lehen laurden bikain baten ondoren, talde bisitariak ondo errekuperatu zuen baina hirugarren laurdenean bizkaitarrek beraien maila ona erakutsi eta partidua erabakita utzi zuten June Zubiagaren jaurtiketa libreei esker, 73-71. Tabirako Baquek ezin izan zuen bere jokoa erakutsi Easoren aurka, 71-49.
EMAKUMEZKO KADETEAK
Hiru partidu eta hiru porrot. Horixe izan da bizkaitarrek maila honetan izan duten balantzea. Tabirako Baquek 13. Minututik aurrera energia galdu zuen Mondragon Unibertsitatearen aurka. Amaieran 52-82. Garaipenetik hurbilago egon ziren Gernika KESB eta Loiola Indautxu baina biek galdu zuten Hondarribia eta Movilteck taldeen aurka, 72-63 eta 48-53 hurrenez urren.
GIZONEZKO JUNIORRAK
Derbia zegoen eta horrek garaipen bat ziurtatzen zuen. Kasu honetan Loiola Indautxu izan zen Zornotza baino gehiago izan zena. Lehen zatian bilbotarrek nagusitasun handia erakutsi zuten. Lacabex barrutik eta Zuazolak asko asmatu zuten eta garaipena argi egon zen 53-82. Bilbao Unamuno ere gaizki hasi zen, eta atsedenaldirako 44-28 azpitik zen Takeren aurka. Amaieran 75-56.
GIZONEZKO KADETEAK
Gizonezko kadeteetan bizkaitarrek ez zuten ezer positiborik atera. GetxoSaski Grupo Zaher taldearen atzetik joan zen uneoro. Hirugarren laurdenean partiduan sartzea lortu bazen ere, azpeitiarrek azken laurdenean kolpea eman zuten mahai-gainean. Mikel Alvarez izan zen getxotarren artean onena 19 punturekin. Bere aldetik, Loiola Indautxu ez zen gai izan Mondragon Unibertsitateari irabazteko (103-45). Bilbao Unamunok asko borrokatu zuen Easoren aurka baina ez zen nahikoa izan (67-57).