Santurtzi SK taldeak Euskal Kopako azken faserako txartela eskuratu du
Santurtzik hobeto hasi zuen Zarautzen B multzoko lehen postua lortzeko lehia, eta laster bizkaitarrak aurretik jarri ziren markagailuan, hamar puntu inguruko errentak azkar ezarriz. Orellano eta Hetor izan ziren lehen aldian koadro moreko nabarmenenak (15-23). Santurtzik dinamika horrekin jarraitu zuen, baina oraingoan Jon Garcia izan zen errenta 19 puntura arte luzatuko zuena (15-34). Zarautzek erreakzionatu egin zuen bigarren laurdenaren azken esprintean (28-41).
Bigarren zatiko lehen minutuetan Bingen Perezek eutsi zion etxekoen bultzadari, baina hirugarren laurdenaren erditik aurrera Santurtzi lehortean sartu zen. Zarautzek gehiago asmatu zuen perimetrotik eta banakako jokaldietan hobera egin zuen bisitariek geldirik jarraitzen zuten bitartean. Zarautztarrak aurretik jarri ziren 3 minuturen faltan, baina jaurtiketa libreek eta Bingen Perezek garaipena eman zioten talde moreari (60-64).