Etxetik kanpo jokatu egiten zuten bizkaitarrek, -Bidaideak izan ezik-, eta balantzea ez da batere txarra izan. Gogora dezagun, honakoan Gernikak atsedena hartzen zuela. Baina esan bezala, bostetik hiruk irten ziren irabazle. Tamalez, gutxigatik ihes egin zitzaion Zornotzari Azpeitian , eta antzekoa gertatu zitzaion Bidaideak taldeari Getaferen aurka.
71-81 irabazi zuen Bilbao Basketek Sevillan, ACBn parte hartutako 400. partiduan, alegia. Garaipen biribila beraz. Primeran ibili ziren beltzak hasieratik, anotazioan ezin hobe. Hirugarren laurdena hasita, lokalak zertxobait hurbildu ziren markagailuan, baina hala ere Mumbrúk lidergoa eskuratu eta hortik aurrera eroso aritu ziren bilbotarrak berriz ere.
Bi puntugatik galdu egin zuen Bidaideak soilik, 68-70. Hainbat erraztasun eman zituzten defentsan bizkaitarrek eta horixe izan zen seguru asko porrotaren arrazoia. Gainerakoan, nahiko orekaturik mantendu zen norgehiagoka.
Bestalde, gipuzkoarren alde erori zen Leb Platako derby euskalduna. 76-74 galdu zuen Ametx Zornotzak partidu irregular baten ostean. Marcius kroaziarra izan zen haien erreferentea.
Ongi asko aritu ziren galdakaoarrak Oviedoren kontra, 43-62 garaituz. Hala ere, ez zen inolaz ere hain erraza izan azkeneko minutuetan abantaila nabarmena lortu zuten arte. Bada, hirugarren laurdenean zehar zenbait jaurtiketa kanporatu zituzten. Kanpotik baino barruko eremutik ibili ziren hobe Estitxu Ibarretxeren jokalariak.
Irmo segitzen du Santurtzik bere ibilbide egonkorrari eutsita. Honakoan, 52-64 garaitu du CB LA FLECHAren aurka. Hori bai, ez zen lan makala izan. Izan ere, behin atsedenera iritsita lokalek oraindik ere aukerak zituztela sinesten zuten. Santurtziarrak, finean, erregularragoak izan ziren.